Olio-isuriak sakabanatzaile kimikoen bidez tratatzea kalterako izan daiteke

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

olio-isuriak-sakabanatzaile-kimikoen-bidez-tratatz
Olioa gai kimikoekin sakabanatzeak lupiari kalte egiten diola frogatu dute ikertzaileek. Arg. © Hans Hillewaert / CC-BY-SA-3.0

Itsas azaleko organismoentzat olio-isurien aurka sakabanatzaile kimikoak erabiltzea mesedegarria bada ere, sakonean bizi direnentzat kaltegarria izan daitekeela frogatu dute Brest Unibertsitateko ikertzaileek (Bretainia). Valentzian egin berri den Biologia Esperimentalaren Elkartearen batzarrean aurkeztu dute azterketa.

Ikertzaileek lupia (Dicentrarchus labrax) aztertu dute bereziki. Zehazki, gai sakabanatzaileen erabilerak espezie horretan sortzen dituen ondorioak aztertu dituzte. Oxigeno-gabeziarekiko (hipoxia) eta tenperaturarekiko sentiberatasuna, eta  igerian egiteko ahalmena neurtu dituzte, sei astez, eta hiru ingurutan: olioz poluitutako ur tratatu gabean, gai sakabanatzaileekin tratatutako ur poluituan, eta sakabanatzaileak soilik dituen uretan.

Esperimentua egin ondoren, baieztatu dute gai sakabanatzaileekin tratatutako ur poluitua dela ingurune kaltegarriena lupiarentzat, neurtutako hiru parametroetan. Hau da: ur horretan, lupiak besteetan baino okerrago jasaten ditu oxigeno-falta eta berotzea, eta kosta egiten zaio igeri egitea lasterren aurka.

Horrenbestez, Guy Claireaux ikerketa-buruak ohartarazi duenez, “olio-orbanak itsas ertzera iristean ez dira onak turismorako ezta kostan bizi diren organismoentzat ere. Orbana itsasoan tratatzeak kalteak ezabatu edo txikitu ditzake azalean bizi diren animalietan (hegaztiak eta itsas ugaztunak). Bestalde, ordea, olioa sakabanatzeak poluzioa areagotzen du ur-zutabean eta han bizi diren organismoetan”.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila