Odoletik, adina

Odoletik, adina
2011/02/01 | Elhuyar
Auzitegi-tresna bihur daiteke odoletik pertsonen gutxi gorabeherako adina ezagutzeko bidea. Arg.: Colin Brown.

Odoleko globulu zuri batzuk, T zelulak, auzitegi-tresna bihur litezke. Hain zuzen, pertsonen gutxi gorabeherako adina ezagutzeko balio dutela frogatu dute Rotterdamgo Erasmus Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Current Biology aldizkarian adierazi dutenez, bederatzi bat urteko akatsa izan dezake garatutako metodoak. Ez da, beraz, oso sistema zehatza, baina pertsonak hamarkadaka banatzeko aukera, behintzat, ematen du.

T zelulen berezitasun batez baliatu dira ikertzaileak adina ezagutzeko sistema garatzeko. Gorputzean sartzen diren organismo patogenoak eta, oro har, arrotzak, ezagutzeko, T zelulek askotariko hartzaileak izaten dituzte azalean. Hartzaile berezi horiek sortzeko, beren DNAren zati batzuk berrantolatu egiten dituzte T zelulek, eta, horretarako, DNA-sekuentziak moztu eta itsatsi egiten dituzte. Bidean, baina, DNA-puska batzuk DNAtik kanpo gelditzen dira, eta zirkuluak eratzen dituzte.

Odoleko DNA-zirkuluak zenbatu ahal izan dituzte zientzialariek, eta, horretan oinarrituta zehaztu dute adina. Izan ere, zahartu ahala gero eta T zelula gutxiago sortzen dira; zelulok ekoizten dituen organoan, timoan, gero eta handiagoa bilakatzen delako gantz-zelulen proportzioa. Adinaren eta DNA-zirkuluen kopuruaren arteko korrelazioa ez da guztiz perfektua, baina bai, esan bezala, hamar bat urteko tarteetan bereizteko modukoa.

1
272
2011
2
007
Bioteknologia; Anatomia/Fisiologia
Albisteak
12
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila