Notizien datu-basea CD-ROM-ean

CD-ROM honek 60.000 erregistro ditu eta 1988.eko bukaeratik aurtengo martxorarte atzerriko nahiz estatuko prentsa idatzian agertu diren notiziak biltzen ditu.

Prentsako notiziak biltzen dituen lehen CD-ROMa aurkeztu da orain dela gutxi Madrilen. Proiektua 1988.eko bukaeran hasi zen eta “Documentación de Medios” eta “Micronet” etxeen elkarlanari esker garatu ahal izan da. Lehen CD-ROM honek 60.000 erregistro ditu eta 1988.eko bukaeratik aurtengo martxorarte atzerriko nahiz estatuko prentsa idatzian agertu diren notiziak biltzen ditu.

CD-ROMa hiruhilabetetik behin berrituko da datu-basea eguneratuz. Urtean 60.000 erregistro berri sartuko direla aurrikusten da. Gaiari dagokionez CD-ROMaren informazioaren % 60 Ekonomi eta Finantz arlokoa da; gainerako artikuluak Politika, Gizarte eta Kultura, eta Zientzia eta Teknologiari buruzkoak direlarik.

Disko optikoan grabatu den informazioa 141 iturri espainoletatik eta atzerriko beste 70etik hartu da; hauetatik 100 informazio orokorreko egunkariak dira eta 60 informazio ekonomikoa eta finantzarioa argitaratzen dutenak.

Datuak berreskuratzeko Micronet-en CD-Knosys programa erabili da. Software honek kontsulta-maila desberdinak aurrikusten ditu, erabiltzaileak datu-base dokumentalen galdeketa-sisteman duen esperientziaren arabera. Kontsultetan eragile logikoak, parentesiak, deskriptoreak, etab. erabil daitezke. Bestalde, kontsulta modu askotara egin daiteke: kronologikoki, argitaratu duen medioaren arabera, gaika, notiziaren protagonistaren arabera etab.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.