Nork kontrolatuko du ikertzailea?

Gizaki guztiok ez dugu tenperatura baxuetara eta muturreko bizi-baldintzetara egokitzeko gaitasun bera. Alaskako biztanleak esate baterako, hotz handia eta izozte luzeak pairatzeko gai direla gauza jakina da, baina horren arrazoia ez zegoen hain garbi 50eko hamarkadan.

Alaskako herrixka batean egindako ikerketek polemika bizia piztu dute. Zilegi al da informazioa ezkutatzea? Onargarria al da zientziaren izenean edozer egitea? Horra hor milioiko galdera: nork kontrola ditzake ikertzaileak?

Garai hartan, giza gorputzak hotzari aurre egiteko erabiltzen dituen moldaketa mekanismoak aztertzeko, EEBBetako Armadako ikerlari-talde bat Alaskako Slope Borough-era abiatu zen eta zenbait hilabetez, bertako biztanleekin lanean ihardun zuen. Ikerlariek uste zutenez, baliteke tiroideak egokitzapen-bide horiekin zerikusi zuzena izatea, guruin endokrinoak jariatzen dituen zenbait hormonekin zehatzago esanda.

Berriki jakin dugunez, iodine-131 isotopoa injektatu zitzaien herritarrei tiroidearen funtzionamenduan eragiteko. Ikerketa-lerro horrek ez zuen arrakastarik lortu eta azterketa bertan behera uztea erabaki zuten. Alabaina, Slope Borough-eko biztanleek ez dute ikerketa hain erraz ahaztuko, ikerlariek isotopoa injektatu zietenen artean minbiziaren tasa asko handiagotu baita. Alaskako osasun-erakundeek erantzukizuna argitzeko proiektuaren berri emateko eskatu dute. Zenbait ikerlarik adierazi duenez, herrixka horretako biztanleei ez zitzaien egiten ari zenaren berri eman, ezta baimenik eskatu ere, jakina.

Oraingoz, polemikaren hasierako datuak baino ez dira kaleratu, baina luze joko du eztabaidak. Izan ere, aurrerapenaren kostu sozialaz hausnarketa egiteko aukera ematen digu. Nork kontrolatuko du ikertzailea?

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila