Nonahi dagoen onddo-talde berri bat aurkitu dute

Nonahi dagoen onddo-talde berri bat aurkitu dute
2011/07/01 | Elhuyar

Britainia Handiko Exeter Unibertsitateko ikertzaile-talde batek orain arte ezagutzen ez zen onddo-talde bat aurkitu du. Kriptomikota izena jarri dio taldeari (onddo ezkutuak), orain arte inork aurkitu ez bazituen ere, edonon daudelako. Izan ere, aurkitutakoan, eta haien DNA-sekuentzia bereizgarriak identifikatutakoan, beste ingurune batzuetan aurretik bildutako DNAren datu-baseetan bilatu dituzte, eta ur gaziko, ur gezako eta lehorreko inguruneetan daudela ikusi dute. Gainera, ikusi dute onddo ezagun guztiek bezainbesteko gene-aniztasuna duela talde aurkitu berriak. Nature aldizkarian eman dute egindako ikerketaren berri.

Exeter hiriko urmael batetik ateratako mikrobioen DNA aztertzen ari zirela egin zuten topo ikertzaileek onddo-talde berriarekin. Zuhaitz filogenetiko bat sortu zuten sekuentzia horiekin, hau da, antzekotasun genetikoetan oinarrituta espezie batzuk besteengandik nola bereizi ziren erakusten duen diagrama bat, eta ikusi zuten ezagutzen ez zuten adar bat sortu zela, filum berri bat.

Gainerako onddoek ez bezala, onddo aurkitu berriek ez dute kitinarik zelulen hormetan. Kitinarik ez izateak zientzialariei pentsarazi die onddo horiek bizkarroi fagotrofikoak izan daitezkeela; alegia, janaria zelula barrura sartu, eta barruan dutela digeritzen dutela. Onddo ezagunak, berriz, osmotrofikoak dira, eta digeritutako elikagaiak osmosi bidez barneratzen dituzte. Kitinatan aberatsak diren hormek mineralen eta elikagaien sartu-irtenak kontrolatzen laguntzen dute. Elikatzeko bi forma horiek, eta, hortaz, bi onddo-motak, eboluzioan oso goiz banatu zirela adierazi du zuhaitz filogenetikoak.

1
277
2011
7
007
Biologia; Botanika; Ekologia
Albisteak
10
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila