Nola sortzen da zirimiria?

Euria esplikatzeko teoriek ez dute zirimiria azaltzeko balio eta propio sortu diote bat New York-eko zientzialariek.

Adituek onartutako teoriaren arabera, euri-tantak bi fasetan sortzen dira. Nukleazio-fasean, tanta gisan hazi ahal izateko gutxieneko tamaina eskuratzen dute. Tamaina hori dutenean, hodeian behera erortzen hasi eta, haize-laster bortitzen eraginpean, batak bestearekin talka egin, batu eta handitu egiten dira. Gutxieneko tamaina 20 minututan lortzen dute eta ordubetean edo iristen dira zirimiri-tanten tamaina izatera.

Baina, zirimiria botatzen duten hodeietan prozesua ordu laurden batean gertatzen da, askoz ere hodei bareagoetan, gainera. Nola demontre, ordea? Meteorologoek uste dute aire-zurrunbilo lasaiagoetan tantak azkarrago kondentsatzen eta batzen direla, baina ez dakite efektu hori zenbaterainokoa den.

New York-eko zientzialariek ez dute hori argitu, baina beste teoria bat proposatu dute. Haien arabera, zirimiri-tantak ere bi fasetan sortzen dira, hau da, lehenik nukleazioa gertatzen da eta, ondoren, nukleazioaren patroi berari segitzen dion beste bat. Bigarren fase hori gaindituta, zientzialariek ikusi dute tantak oso azkar batu eta hazten direla. Zirimiri-tantek, beraz, bi tamaina-muga gainditu beharko lituzkete hasieran, baina, gero, oso azkar haziko lirateke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila