Neuronen heriotza kontrolatzen duen hartzailea

Burmuineko infartuaren ostean neurona asko hiltzen dira. Hondamena oso handia izaten da eta gehienetan itzulezina. Hainbeste neurona hiltzearen zergatia argitu nahian, neuronen bizitza eta heriotza kontrolatzen duen hartzaile bat aztertu dute, NMDA deritzona.

NMDA hartzailearen funtzioa beste neuronetatik heltzen diren seinaleak —sinapsiak— erregulatzea da. Horretaz gain, sinapsi berriak eratzen laguntzen du eta neuronen biziraupenean ere badu zerikusirik.

Dirudienez, burmuineko infartua gertatzean kaltetutako zeluletatik glutamato asko kanporatzen da. Glutamatoa, sinapsian parte hartzen duen molekula garrantzitsu bat da. Molekula beste neuronetara heltzen den momentuan horien NMDA hartzaileek zelula hiltzeko seinaletzat ulertzen dute eta, hori dela eta, neuronek bere burua hiltzen dute.

Hartzaile berak zergatik dituen hain funtzio ezberdinak azaldu nahian, Washingtongo Unibertsitatean ikerketa bat abiarazi dute, eta jadanik eman ditu lehen emaitzak. Dirudienez, NMDA hartzaileen kokapenak zerikusi handia du gero beteko duen funtzioarekin. Sinapsigunetik kanpo dauden NMDA hartzaileak glutamato-kontzentrazio altua dagoenean aktibatzen dira, infartu bat gertatzean esaterako.

Eta orduan bakarrik eragiten dute neuronaren heriotza. Sinapsigunearen barruko hartzaileek, aldiz, funtzio erregulatzailea bakarrik daukate.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila