Neandertalen toraxak forma desberdina zuen gurearekiko

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

neandertalen-toraxak-forma-desberdina-zuen
Kebara 2 neandertalaren eskeletuak aurkitu den toraxik osoena du. Arg. J. Trueba/Madrid Scientific Films

Neandertal heldu baten toraxa birtualki berreraikita, ondorioztatu dute sapiensen toraxaren antzeko tamaina zuela, baina forma desberdina. Hori ikusita, ikertzaileek iradoki dute neandertalen arnasketa-mekanika ere zertxobait desberdina izango zela.

Kebara 2 neandertalaren torax berreraikia. Arg. A. Gómez-Olivencia, A. Barash and E. Been

Neandertalen toraxaren tamaina eta forma eztabaidagai izan dira, duela 150 urte neandertalen lehen saihets-hezurrak topatu zirenetik. EHUko ikertzaile Asier Gómez-Olivenciak eta kideek aurkitu den toraxik osoena aztertu eta berreraiki dute; Kebarako (Israel) aztarnategiko Kebara 2 neandertal ar helduarena. Haren saihets-hezur eta ornoak eskaneatu eta 3D berreraiketa birtuala egin dute. Nature Communications aldizkarian eman dute egindako lanaren berri.

“Bizkarrezurrak saihets-hezurrekin duen finkapenak bizkarrezur egonkorragoa iradokitzen du. Horrekin batera, toraxa zabalagoa da beheko aldean”, azaldu du Mikel Arlegi EHUko ikertzaileak. Hala, diafragma ere zabalago izango litzatekeela ondorioztatu dute ikertzaileek, eta iradoki dute arnasketa sapiensetan baino lotuago egongo litzatekeela diafragmari, eta gutxiago kutxa torazikoaren hedapenari. Bestalde, kalkulatu dute arnasa hartzean bolumen handiagoa har zezaketela, toraxaren forma horri esker.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group