Nazismo-garaitik ere badago zer ikasia

Alemaniako Max Planck elkarteak nazismo-garaian zientzialarien jarrera nolakoa izan zen ikertu du. Elkarte horrentzako barne-ikerketa antzeko bat izan da, Kaiser Wilhelm elkarteko zientzialarien jarduerak izan baitira ikerketaren jomuga, eta, hain zuzen ere, elkarte horren oinordekoa da Max Planck elkartea.

Erregimen nazionalsozialistak zientziarekiko eta zientzialariekiko zuen jarrera nahiko era sinplean deskribatu izan da: baziren erregimenarekin bat zetozen zientzialari batzuk —gupidarik gabe ikerketa mingarri eta bortitzak egin zituztenak, zientzia baino gehiago pseudozientzia egiten zutenak—, baina zientzialari gehienek mehatxupean egiten zuten lan. Gainera, uste zen ez zitzaiola garrantzirik ematen oinarrizko ikerketari, eta emaitza praktikoak zituzten ikerketak bakarrik bultzatzen zirela, arrazen arteko desberdintasunei zegozkionak, edo arma hilgarriagoak egiteko teknikei zegozkienak, esate baterako.

Baina, egiaz, erregimenaren eta zientzialarien arteko erlazioa askoz ere konplexuagoa izan zen. Dirudienez, naziek aintzakotzat hartzen zuten oinarrizko ikerketa, eta ikertzaileak ez zeuden behartuta Alderdiko kide izatera. Ikertzaile askok erregimenaren helburuekin bat zetozen lanak egiten zituzten, baina ez zeuden derrigortuta; aitzitik, beren borondatez aukeratzen zituzten lan haiek, gehiago ordaintzen zietelako, eta ikerketa egiteko mundu bat zabaltzen zitzaielako, inbaditutako herrietako baliabideak erabiltzeko, esate baterako.

Gainera, kontzentrazio-esparruetan egindako ikerketa —izugarrikeria— haietako askotan metodo zientifikoa zorrotz aplikatzen zen, eta punta-puntako jakintza erabiltzen zuten. Halakoetan ikerketak ez zuen mugarik, are eta gutxiago traba moralik.
Bada, ikerketaren emaitzak ikusita, Max Planck elkarteak onartu egin du elkarteko zientzialari batzuek etikaren arrastorik gabe egin zutela lan, eta askok egin zutela lan erregimenarentzat. Horretaz gain, ikerketa haiek jasan eta bizirik irautea lortu zuten biktimei barkamena eskatu diete. Eta nabarmendu nahi izan dute aurrera egiteko atzera begiratu behar izaten dela batzuetan, gaizki egindakotik ere badagoela zer ikasia.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila