Natura lehengoratzeko asmo handiko lege bat eskatu diote zientzialariek Europako Batasunari

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

natura-lehengoratzeko-asmo-handiko-lege-bat-eskatu
Natura lehengoratzeko lege zorrotzagoen eta sakonagoen beharra aldarrikatu dute SERE adierazpenean. - Arg.

SERE natura lehengoratzeko Europako elkartearen gidaritzapean, 30 elkartek eta milaka zientzialarik adierazpen bat sinatu dute, natura lehengoratzeko asmo handiko lege bat eskatuz. Haien esanean, gizateria arrisku goreneko egoera batean dago (“kode gorria”) klimari eta biziari dagokionez. Erronkaren neurriak ahalegina areagotzea eskatzen du, eta, Europak natura babesteko beste lurralde batzuek baino lege-esparru sendoagoak dituen arren, egoeraren larritasunari erantzuteko, sakondu eta zorroztu egin behar ditu.

Adierazpenean, xede zehatzak jaso dituzte: ahalik eta lehernatze-maila handiena lortzea izatea helburua; lege berriak aurretik dauden arauei gehitzea; ekosistema jakin batzuei lehentasuna ematea (hezeguneak, basoak, larreak eta sakonera txikiko itsas eremuak); ebidentzia zientifikoan oinarritutako metodologia erabiltzea; ezarpen-eremua paisaiaren eskalakoa izatea; hiri-paisaiak, nekazaritzakoak eta meatzaritzakoak leheneratzea; legegileei eta profezionalei aholkua ematea; epe luzeko konpromisoa hartzea; inbertsioen onura bermatzea; eta finantziazioa.

Azken puntuan, klima-larrialdiari aurre egiteko ekimenen kalteak aurreikustea eta saihestea ere eskatu dute. Horren adibidetzat jartzen dituzte biomasaren erabilera, zeinak biodibertsitarentzat kaltegarria izan baitaiteke, eta baso-sartzeak materia organikoan urriak diren lurretan.

Sinatzaileek baieztatu dutenez, horrekin guztiarekin, klima-larrialdiaren ondorioak apaltzea eta biodibertsitatea babestea lortuko da. Horrenbestez, horren alde egiteko dei egin diote Europako Batasunari.

 
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila