Nanogaleretan arraunean

Aurrerapenak kasualitateak eragiten ditu batzuetan, lanak besteetan eta irudimenak guztietan. Bakterioek bultzatutako nanoitsaspekoek, adibidez, pelikuletatik errealitatera salto egingo dute laster. Utah State Unibertsitateko ikertzaileek behintzat hilabete batzuetan prototipoa egiteko moduan izango direla adierazi dute. Ideia sinplea da: irudian azaltzen den moduan, flagelodun bakterioen mugimendua aprobetxatu nahi da indar mekanikoa eragin eta nanoitsaspekoa higiarazteko.

Hasieran bakterio osoa itsatsiko da helizeko hegaletan, baina aurrera begira flageloa soilik erabili nahi da. Lortuko balitz, 100 nanometroen bueltan ibiliko liratekeen egiturak eraikitzea posible izango litzateke; makina horiek zainetan sartu eta tumoreak detektatzeko eta suntsitzeko balio dezakete, baita blokeatutako zainak irekitzeko ere. Oraingoz, arraunlari egokiagoa aurkitu bitartean, Salmonella Typhimurium bakterioaren andui batekin ari dira lanean eta urtebetean milimetroko robotak eraikitzen hasiko omen dira.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.