Mutazioak: beldurra eta benetako arriskua

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

mutazioak-beldurra-eta-benetako-arriskua
Koronabirusak etengabe mutatzen du, baina mutazio gehienek ez dute eragin nabarmenik. - Arg.

Mutazioak beldurgarritzat edo kaltegarritzat hartzen dira maiz. Orain ere, kezka piztu da koronabirusaren mutazioei buruzko albiste baten inguruan. Hain zuzen, Erresuma Batuko prentsan (The Guardian eta Independent), iradoki dute birusa jasaten ari den mutazioek are kaltegarriagoa egingo dutela, hedatzen lagunduko baitiote. Londresko Unibertsitatean egindako ikerketa bat aipatzen dute, baina ikerketa hori oraindik ez da argitaratu. Gainera, ikertzaileek berek argitu dute ez dakitela identifikatu dituzten mutazioek ondoriorik izango ote duten, eta birusa ez dela bereziki azkar mutatzen ari.

Hara ere, iradokizunak beldurra eragin die batzuei. Alabaina, Nature Microbiology aldizkariaren arabera, beldur horrek ez du funtsik. Hala dio argitaratu berri duen ikerketa baten izenburuak: «Ez gara kezkatu behar birus batek agerraldi batean mutatzen duenean».

Yale (AEB) eta Sydneyko (Australia) unibertsitateetako ikertzaileak dira egileak, eta, azaldu dutenez, mutazioak birusaren zikloaren zati dira, eta oso gutxitan eragiten dute agerraldietan modu nabarmenean.

Horrekin batera, ohartarazi dute mutazioen gaineko informazioa desitxuratzeak ondorio lazgarriak izan ditzakeela. Zika birusarekin gertatutakoa jarri dute adibidetzat: 2018ko agerraldian, ikusi zuten birusaren azalean mutazio bat gertatu zela, birusak Ameriketan izurrite larria eragin aurretik. Ikertzaile batzuen ustez, mutazio hori zen fetuen mikrozefaliaren eragilea. Bada, Zika Indiara iritsi zenean, frogatu zuten hara heldutako birus-aldaerak ez zuela mutazio hori. Hortaz, baztertu egin zuten mikrozefaliaren arriskua. Oker zeuden. 

SARS-CoV-2 birusak etengabe mutatzen du; haren RNA bikoizten den bakoitzean sortzen dira aldaketak. Hala, infektatutako pertsona batek, ordu batzuen buruan, birus beraren bertsio desberdinak izan ditzake gorputzean. Mutazio horietako askok ez dute aldaketa nabarmenik eragiten. Batzuk birusaren kalterako dira, eta berez desagertzen dira. Izatez, eboluzioak birusa irautera bultzatzen du, ez hura guretzat kaltegarriago bihurtzera. Mutazio batek guretzat kaltegarriago egin baina birus-populazioaren barruan ez badio abantailarik ematen, nekez nagusituko da beste aldaeren gainetik.

Are gehiago, mutazioez hitz egitean, beldurrik handiena bi aukerak sortzen dute: kutsakortsuna handitzeak eta aldi berean kaltegarriagoa bihurtzeak. Baina oso zaila da biak batera gertatzea. Birusa ostalariarentzat oso gaiztoa bilakatzen bada, kutsakortasuna txikitu egingo da normalean. Izan ere, ostalaria oso gaixo badago, ez da beste pertsona batzuekin harremanetan egongo, eta, beraz, txikitu egingo da birusa transmititzeko aukera. Kutsatzeko arrisku handiena birusa ezkutuan dagoenean gertatzen da, hau da, inkubazio-fasea luzea denean edo sintomarik sortzen ez badu. Hain justu, azken hori izan da COVID-19a hain azkar eta ustekabean hedatzeko arrazoi nagusietako bat.

Dena den, ikertzaileek ez dute mutazioen eragina gutxietsi, eta gogora ekarri dute SARS-CoV-2a mutazioen bidez iritsi dela saguzarretatik gugana. Adibide gehiago ere eman dituzte: hiesa eragiten duen GIBa ere txinpantzeen birus batetik dator; eta Ebola birusak ere mutazio bati zor dio gizakiak infektatzeko ahalmen hilgarria. Baina agerraldiaren erdian gertatzen diren mutazioen eragina aurreikustea eta frogatzea ezinezkoa dela azpimarratu dute. Horretarako denbora behar da, eta denbora gutxi igaro da oraindik.

Hori bai: SARS-CoV-2aren mutazioen identifikazioari esker, ikertzaileek birusaren zuhaitz filogenetikoa osatu dute, eta, horren bidez, pandemiaren hedapenari jarraipena egiteko aukera izan dute. Hortik haragoko aurreikuspenak okerrak eta arriskutsuak ere izan daitezkeela ohartarazi dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila