Munduko zurrutadarik txikiena

Japoniako Himeji Teknologia Institutuak, NEC korporazioak eta Seiko Instruments enpresako ikertzaileek munduko ardo-kopa txikiena egin dute. Kopak 2.750 nanometroko diametroa du -ohikoak baino 200.000 aldiz txikiagoa- eta karbonozkoa da. Beraz, hiru dimentsiotako objektua eskala nanometrikoan egiteko gai izan dira.

Hiru dimentsiotan ekoitzi ahal izateko teknika horrek mesede ederra egingo die hurrengo belaunaldiko elektronika-gaiak prestatzen ari diren fabrikatzaileei. Izan ere, mikretatik nanometroetara pasatzean, gero eta zailagoa izaten da zehaztasun handiko egiturak egitea. Teknika berriari esker, biosentsoreak, errendimendu handiko komunikazio optikoetarako gailuak, kontrol-kommutagailuak eta abar ultraminiaturan egin ahal izango dira. Teknika berria beste arlo batzuetan ere erabili ahal izango dela uste da, nano-elektromekanikan, nanooptikan, gailu nanomagnetikoetan, bionanotxipak….

Horrelako egitura txikiak egiteko, gaur egun erdieroaleen fabrikazioan erabiltzen diren bi dimentsiotako teknikak erabili beharko lirateke. Baina teknika horrek eragozpen handiak izango lituzke. Izan ere, egituratze optikoaren tekniketan erabiltzen diren laserrak mikra batetik beherako egituretan ez dira oso zehatzak.

Ardo-kopa egiteko, ikertzaileek ion-sorta galioan proiektatu dute, ordenagailuz kontrolatutako deflexio elektromagnetikoaren bidez.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.