Moskutarrak erradiazioaren beldur

“Moskun funtzionatzen ari diren berrogei erreaktore nuklearrak ixten ez badira, istripuren bat berehala gertatuko da”.

Esaldi hau segurtasun nuklearrean aditu den Vladimir Kouznetsov-ena da. Bere eraginez jada hamar erreaktore nuklear itxi dira Moskun.

Txernobilekoarekin konparatuz Mosku inguruko erreaktore nuklearren potentzia ez da handia, azken hauetako handienak 40 MW-eko potentzia baitu eta Txernobilgoak 1.000 MW.

Kremlin zentrutzat hartuz 20 km-ko erradioan 40 erreaktore nuklear martxan daude oraindik. Ondokoak dira: 1) Fisika Teorikoko Institutua (4 erreaktore); 2) Fisikako Institutua (2 erreaktore); 3) Unibertsitate Teknikoa (4 erreaktore); Kourttxatov Institutua (25 erreaktore); 5) Mendeleiev Institutua (erreaktore 1); Energiaren Institutua (3 erreaktore); 7) Erreaktoreak egiteko ikerketa-institutua (erreaktore 1).

Mosku inguruko erreaktore guztiak ikerketan erabiltzen dituzte eta zazpi leku desberdinetan kokaturik daude. Horietako batek, fisika nuklearreko Kourttxatov institutuak, hain zuzen ere, 25 erreaktore nuklear ditu eta Kremlinetik dozena bat kilometrora besterik ez dago.

Erreaktore hauek 50.eko eta 60.eko hamarkadetan eraiki ziren; orduan Sobiet Batasuna zenak arlo nuklearrean EEBB-ekin parekatu nahi baitzuen. Vladimir Kouznetsov-entzat oso egoera txarrean daude aipatu erreaktore nuklearrak, hau da, geletako hormak zartaturik daude, tutueriak korrosioaren eraginpean daude, segurtasun-neurririk ez dago eta horrez gain mantentzeko dirurik ez dago.

Aldez aurretik itxitako hamar erreaktoretako bat aztertu zenean, urak ihes egiten zuela eta ur hori deposito batean jasotzen zela ikusi zen, batere segurtasun-neurririk gabe. Erreaktore hauek batez ere militarrek erabiltzen dituztenez, oso zaila da aurka egitea. Boris Jeltsin presidenteak ere leku horiek bisitatu ondoren, ezin izan du horiek ixtearen aldeko inolako promesarik egin.

Baina hori ez da Mosku aldean dagoen arrisku bakarra. Handik hurbil hondakin nuklearrak gordetzeko leku ugari dagoenez, guztien artean 30 milioi curie baino gehiago metatzen dute, hau da, Txernobildik ihes egindakoa adina. Moskun erradioaktibitate handiko 600 puntu baino gehiago daude eta dauden zientzilari eta ikerlari gehienak zaharrak dira; egoerari aurre egiten ez dakitenak gainera.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.