Monarka tximeleten GPSa, antenetan

Monarka tximeleten GPSa, antenetan
2009/12/01 | Elhuyar
(Argazkia: Dennis Curtin)

Antenei esker lortzen dute monarka tximeletek migrazio-bidean orientatzea, Massachusetts Unibertsitateko neurobiologo-talde baten arabera.

Aspaldi dakite zientzialariek Eguzkiaren kokapena erabiltzen dutela tximeletok norantz joan behar duten jakiteko. Hain zuzen, egunean zehar egokitzen joaten den erloju antzeko bat dute, Eguzkia mugitzeak ez dezan eraginik izan orientazioan.

Orain arte uste zuten erloju hori garunean zutela tximeletek, egunean zeharreko zikloak, edo ziklo zirkadianoak, erregulatzen dituen erlojua bezalaxe. Massachusettsko zientzialariek, ordea, hainbat esperimenturen bitartez frogatu dute garunean ezetz, antenetan dutela bidaiaren norabidea zehazteko sistema.

Egindako esperimentuetan, lehenik, tximeleta batzuei antenak moztu, eta haien portaera aztertu zuten. Ikusi zuten orientazioa zeharo galdu zutela, eta zoriz aukeratutako norabideak hartu zituztela hegan egiteko.

Ondoren, moztu beharrean, esmaltez margotu zizkieten antenak: batzuei esmalte beltz opakuz, eta besteei, esmalte argiz. Hala, Eguzkiaren mugimenduari jarraitzen zion erlojua antenetan baldin bazegoen, antenak beltzez margotuta zituzten tximeletek bakarrik galduko zuten orientatzeko gaitasuna. Eta halaxe gertatu zen.

1
259
2009
12
011
Zoologia
Albisteak
12
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila