Mitokondrioak ez dira guztiz itzaltzen minbizi-zeluletan

minbiziaren-metastasia-ez-da-guztiz-oinarritzen-mi
Arg. DollarPhotoClub

Nazioarteko ikerketa batek lipidoen sintesian parte hartzen duen entzima bat identifikatu berri du, zeina inhibituz gero, saguetan prostatako minbiziaren metastasia geldiarazten duen. Horrek agerian utzi du lipidoak minbizi-zelulen hazkuntzan eta metastasian inplikatuta daudela, eta erakutsi du glukosa ez dela eragile bakarra. Uste zena baino konplexuagoa da minbizi-zelulen metabolismoa. Nature Genetics aldizkarian argitaratu da ikerketa.

Arkaitz Carracedo Pérez CIC bioGUNEko ikertzaileak parte hartu du lan horretan, eta haren iritziz, minbizi-zelulen elikadura bere osotasunean ulertzeko aurrerapauso bat izango da. “Orain arte, ikuspegi oso sinplista izan dugu. Historikoki pentsatu izan da minbizi-zelulek mitokondrioak itzali egiten zituztela. Hala, energia sortzeko zentralak itzalita, glukosa hori energia lortzeko erabiltzeari utzi, eta zelula berriak sortzera bideratzen zutela. Horregatik zutela, nolabait, etengabe ugaltzeko gaitasuna”. Identifikatu duten entzima (PDC konplexua), ordea, mitokondrioetan dago. “Mitokondrioak itzaltzearen ikuspegiak ez dio erantzuten minbizi-zelulen benetako funtzionamenduari”.

Arkaitz Carracedo CIC bioGUNEko ikertzailea Arg. Luis Jauregialtzo/©Argazki Press

Identifikatu duten entzimak, gainera, ez du mitokondrio-mailan bakarrik lan egiten. Nukleoan ere eragiten du, lipidoak sintetizatzeko behar diren entzimen espresioa areagotzen baitu. Bi bide independente horiek erabilita sustatzen du zelulen mintzak sortzea, hazkuntza zelularra eta metastasia gerta daitezen.

Carracedoren hitzetan, PDC konplexuak epigenetikan duen eragina ikusita, “historikoki izan dugun ikuspegi sinplista gainditu, eta zelula hauen funtzionamendu koordinatua zein den ulertu behar dugu, seinaleak nola integratzen dituzten ikusi. Tratamendurik eraginkorrenaren bila joateko, ikuspegi orokorra ezagutu beharko dugu, uste genuena baino asko ere konplexuagoak baitira minbizi-zelulek hazteko erabiltzen dituzten errekurtsoak”.

“Gainera, aintzat hartu beharko dugu obesitateak minbizian duen eragina. Gantzen metabolismoan farmako asko ditugu jada, diabetea eta obesitatea bezalako gaixotasunetan erabili izan direnak. Farmako horiek minbiziaren tratamendura berbideratu ahal izango ditugu”, adierazi du Carracedok.

--> Minbiziaz gehiago jakiteko, irakurri Arkaitz Carracedori egindako elkarrizketa: “Gure bizitzaren parte dira mutazioak eta minbizia

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.