Mikroskopio akustikoa

Ehunak bizirik aztertzea ahalbidetzen duen mikroskopio bat aurkeztu dute. Gainerako mikroskopiako teknika gehienekin ez bezala, horrekin ez dago ez biopsiarik ez tindaketarik egin beharrik, eta gorputz-barruko ehunak aztertzeko ere balio du.

Teknika ultrasoinuetan oinarritzen da. Zunda baten bidez, ultrasoinuak igortzen dira, eta ehunek ultrasoinuei nola erantzuten dieten ikusten da iruditan. Horri esker, ehunen ezaugarri mekanikoen berri jasotzen da, eta ezaugarri optikoak ezagututa baino datu gehiago jakin daitezke horrela.

Ikertzaileek onartzen dutenez, ez dauka maila molekularreko bereizmena. Gehienezko bereizmena 0,1 mikrakoa da, gutxi gorabehera globulu gorri baten zabaleraren ehunena.

Hala eta guztiz ere, teknika horrek aplikazio interesgarriak ditu kardiologian. Ultrasoinuak igortzen dituen kamera bat prestatu dute odol-zirkulazioan sartzeko; horrekin, hodiak buxatzeko arriskuan dauden ala ez ikus daiteke. Aplikazio horretarako prestatutako teknikari IVUS deitzen zaio, eta dagoeneko erabiltzen da hainbat ospitaletan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila