Mei Long, lotan harrapatutako dinosauroa

Lo zegoen dinosauro baten fosila aurkitu dute Txinan. Dinosauroa 53 zentimetro luze zen eta duela 140 milioi urte inguru bizi izan zen. Adituen ustez, fosilaren jarrerak antz handia dauka egungo hegaztiek lotarako dutenarekin.

Naturaren Historiaren Aebtako Museoa

Beste fosilekin alderatuz, Mei Long dinosauroaren jarrera ezohikoa da. Izan ere, aurkitu diren dinosauroen fosilek ez dituzte bizitzako jarrera arruntak hartzen, oro har. Kasu honetan, ordea, Mei Long lo zegoela hil zen. Badirudi dinosauroa erupzio baten ondorioz bizirik lurperatua gelditu zela, errauts bolkanikoz beteriko sedimentuetan aurkitu baitzuten. Hala ere, bigarren hipotesi bat ere badarabilte adituek, dinosauroa karbono monoxido isuri baten eraginez pozoindurik hil zela.

Fosilaren jarrera eta egungo hegaztiek lo egiteko hartzen dutena oso antzekoak dira. Hortaz, zientzialariek ondorioztatu dute litekeena dela biek arbaso berbera izatea. Areago, dinosauroaren jarrerak adieraz lezake odol beroko animalia zela. Izan ere, egungo hegaztiek burua hegal baten azpian ezkutatzeko ohitura dute beroa mantendu ahal izateko. Agian, Mei Long ere gauza bera egiten ari zen hil zen unean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila