Martitz, iheslaria

Oain dela sei urte azaldu zitzaien arazoak erabat txoratu ditu astronomoak. Martitzi buruzko azterketa xehetua egitera joandako guztiek esku-hutsik itzuli behar izan dute etxera. Etsipenaren arrazoia Martitzen ekuatorean dago. Radarraren argia zurgatzen duen zerbait atzeman dute bertan. Beraz, radarrari ihes egiten dion eskualde oso bat dago Martitzen. Nola liteke?

Bryan Butler Mexiko Berriko Astronomia Behatokiko buruak dioenez, Martitzen ekuatorean gertatzen den fenomeno bitxian sumendien aktibitateak eragina izan lezake.

1988an hasi ziren astronomoen buruhausteak. Kaliforniatik igorri zuten orduan Martitzera radar-seinalea. Mexiko Berriko Behatokian zain geratu ziren, radarrak bidalitakoa jaso eta aztertu ahal izateko. Planetaren irudi benetan ederrak jaso bazituzten ere, ez zen ekuatoreko eskualdearen arrastorik ageri.

Bryan Butler Mexiko Berriko Astronomia Behatokiko buru da eta azken sei urteak Martitzi begira eman ditu, radarraren argiak isladatzen ez duen eskualdean zer ote dagoen ikertzen. Agidanez, bere lan saiatuak eman du fruiturik jadanik. Texasen burutu berri den Urteroko Astronomia Biltzarrean iragarri duenez, Martitzen ekuatorean gertatzen den fenomeno bitxian sumendien aktibitateak eragina izan lezake. Astronomia Biltzarrean azaldu zuen tesiaren arabera, Martitzeko ekuatorea sumendi-harriek estalita duten eremu zabala da.

Errautsek sortutako geruza meheak radarraren argia zurga dezakeela dio Butlerrek. Texasen azaldu zuenez, tesi hori baieztatzeko makina bat saio egin dute Mexiko Berriko ikerlariek. Besteak beste, Galapago Irletan sortzen diren fenomenoak azaldu zituen, Martitzen gertatzen denaren adibidetzat jarriz.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila