Malaria eragiten duen mikroorganismoa goriletatik etor liteke

Malaria eragiten duen mikroorganismoa goriletatik etor liteke
2010/11/01 | Elhuyar
(Argazkia: Ian Nichols/National Geographic Society)

Goriletan egon liteke malariaren mikroorganismoaren jatorria, eta ez txinpantzeetan, orain arte uste zen bezala. Ondorio horretara iritsi dira, behinik behin, AEBko Alabamako Unibertsitateko ikertzaileak. Nature aldizkarian eman dute berria.

Plasmodium falciparum mikroorganismoa da malaria-mota gehienen eragilea gizakietan, eta Anopheles gambiae eltxoaren ziztadak transmititzen du gaitza. Baina orain artean ez zegoen oso argi gaitzaren jatorria zein izan zitekeen.

Hori argitu nahian, txinpantzeen, bonoboen eta gorilen populazio basatietan (Saharaz hegoaldeko Afrikan) bildutako ia 3.000 gorotz-laginekin DNA-azterketak egin dituzte, Plasmodiumen DNA detektatzeko. Azaldu dutenez, kontinenteko mendebaldeko gorilen (Gorilla gorilla) laginetan hautemandako Plasmodiumek dute antzekotasunik handiena gizakietan ikusi ohi direnekin. Eta horrela ondorioztatu dute espezie hartan egon daitekeela malariaren jatorria. Mendebaldeko goriletatik gizakira pasako zen bizkarroia, eta ez txinpantzeetatik gizakira, orain arte uste zen bezala. Gainera, espezieen arteko transmisio hori ziurrenik urrats bakarrean, zuzenean, egin zela uste dute ikertzaileek.

Bestalde, Marylandeko National Institute of Allergy and Infectious Diseases-ek Anopheles eltxoaren immunitate-sistema behatu du beste ikerketa batean. Eltxoak transmititzen du gaixotasuna, baina horretarako, intsektuak berak immunea izan behar du. Eta horixe da ikertu dutena, eltxoa nola immunizatzen den, alegia.

Badirudi horren ardura granulozitoek dutela: ikerlariek ikusi zuten granulozito-kopurua hiru aldiz handiagoa dela immunizatutako eltxoetan. Granulozitoak immunitate-sistemako zelula batzuk dira, eta intsektuaren odolean zelula arrotzen bat detektatzean eraso egiten diote.

Granulozito-kopuru hori izateko, ordea, beharrezkoa da aurretik malariaren mikroorganismoarekin kontaktuan egotea. Izan ere, Plasmodiumek ahuldu egiten ditu eltxoaren hesteetako paretak eta, hesteetako bakterioek pareta zeharkatzen dute. Horrek granulozito gehiago sortzea eragiten du, eta intsektu horiek errazago egiten diote aurre bizkarroiari.

1
269
2010
11
010
Mikrobiologia; Medikuntza; Osasuna; Genetika
Albisteak
12
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila