Lurraren inguruko espazioa

Irazabalbeitia, Inaki

kimikaria eta zientzia-dibulgatzailea

Elhuyar Fundazioa

Eguzki-haizea eta talka-gainazala

Talka-gainazala eguzki-haizearen partikulak abiadura supersonikotik subsonikora dezeleratzen diren eskualdea da. Bertan gertatzen direnak ez dira oraindik ezagutzen. Halaber, eguzki-haizearen uhin elektromagnetikoei buruz oso gutxi dakigu, bereizki talka-gainazalean eta magnetosferaren aurreko aldean zehar nola transmititzen diren. Bi prozesu hauek aztertuko ditu Cluster II-k

Magnetopausa

Eguzki-haizea eta Lurraren eremu magnetikoa bereizten dituen geruza mehea da. Toki horretan eguzki-haizearen plasma-presioa eta magnetosferaren barruko presio magnetikoa orekan daude. Eguzki-haizearen presioa etengabe aldatzen ari denez, magnetopausa etengabe higitzen ari da. Bestetik, magnetopausa geruza iragazgaitza bada ere, eguzki-haizearen plasma poxi bat magnetosferan sar daiteke. Hainbat mekanismo proposatu dira hori azaltzeko, eguzki-haizearen presio-pultsuak eta Lurraren eremu magnetikoaren eta planetarteko eremu magnetikoaren berkonexioa, besteak beste. Cluster II-k magnetopausaren higidura eta itoginak aztertuko ditu.

Poloetako sakonuneak

Magnetopausaren gainazaletik gertu Lurraren eremu magnetikoa harekiko tangentziala da ia toki guztietan eta horrela eguzki-haizearen partikulek hesi-modukoa topatzen dute. Alabaina, bi tokitan, hemisferio bakoitzean toki banatan, eremu magnetikoa ia perpendikularra da magnetopausarekiko, eta eguzki-haizeren partikulak magnetosferan sartu ahal daitezke. Eskualde bi horietan gertatzen direnak aztertuko ditu Cluster II-k.

Magnetoisatsa

Magnetoisatsean eremu magnetikoaren lerroak haizeberantz luzarazten ditu eguzki-haizearen fluxuak. Honen kanpo-eskualdean bi lobulu eta plasma-gunearen mugaldea daude eta erdialdean plasma-gunea. Lobuluak energia magnetikozko biltegi handiak dira. Cluster II-k lobuluen jarduera aztertuko du.

Plasma-gunearen mugaldea

Plasma-gunearen mugaldea magnetoisatsaren eskualderik aktiboena izaten da maiz. Ioi-sortak ibiltzen dira Lurerrantz zein Lurretik. Sorta horien jatorria eta sortze-mekanismoa ezagutzeko neurketa multipuntualak behar-beharrezkoak dira eta horixe egingo du Cluster II-k. Plasma-gunearen erdian lamina neutroa dago eta hor eremu magnetikoa ahula da. Antza, lamina neutroa berkonexio magnetikorako toki egokia da eta hor ioiak Lurrerantz azeleratzen dira.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.