Lunar Prospector-ek Eugene Shoemaker-en errautsak Ilargira eraman ditu

Inoiz egin den omenaldirik bitxienean, joan den uztailean auto-istripuz hildako Gene Shoemaker-en errautsak Lunar Prospector espazio-ontzian sartu zituzten. Urte betez ur, mineral eta gas bila ibili ondoren Ilargiaren kontra talka egin eta desagertu egingo da Prospector-a.

Ilargiko poloetako kraterretan izotz kristalak egon zitezkeelako hipotesia 1961ean plazaratu zen lehen aldiz.
NASA

"Ekintza hau oso garrantzitsua da guretzat", esan zuen Gene-ren alargunak, Carolyn Shoemaker-ek."Gure sentimenduak biltzeko aukera ematen digu nolabait. Ilargira begiratzen dugun bakoitzean Gene han dagoela jakingo dugu hemendik aurrera."

Errautsak polikarbonatozko kapsula batean sartu ondoren, espazio-ontziko zoko batean kokatu dituzte, beste hegaldietan probatu ondoren hutsean itxitako aluminiozko sakel batean gordeta. Kapsula letoizko orri batez estali dute, eta bertan Hale-Boop-en irudia, Ipar Arizonako Meteoro Kraterraren irudia eta Willian Shakespeare-ren Romeo eta Julietako pasarte bat agertzen dira. Pasartearen itzulpena honakoa da:

  • Eta hiltzen denean.
    Bere gorputza milaka izar txiki egiten baduzue.
    Ortzia neurri gabe edertuko du.
    Eta mundu osoa, Eguzki harroa ukatzeraino.
    Gauarekin maiteminaraziko.

Shoemaker-en Carolyn Porco ikasle ohiak prestatu zuen karga berezia Shoemaker familia eta NASAren laguntzarekin. "Planetekin lan egiten duen zientzialari-komunitate osoak dakienez, Gene-ren nahia Ilargira Apoloko astronauta gisa joatea izan zen beti, eta astroaren geologia bertan ikertzea", esan zuen Porco-k.

Osasun-arazoak zirela eta, Shoemaker-ek ezin izan zuen Ilargira heltzen zen lehen geologoa izan. Horren ordez, Apoloko astronautak aukeratzen lagundu zuen, eta behar zuten prestakuntza ematen ere bai, Ilargiaren geologiari zein inpaktu-kraterrei buruzkoa. Gero Clementine proiektuko zientzialari-taldearen buru izan zen.

Ekintza honek kultura arteko eztabaida eragin du, eta Navajo herriak Shoemaker-en errautsak Ilargira bidaltzea "jatorriz Amerikar diren askoren usteen kontra doan eraso bihozgabea" dela salatu du. NASAk publikoki barkamena eskatu du, eta aurrerantzean antzeko zerbait gertatuz gero "jende gehiagoren iritzia eskatuko duela" agindu du.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila