Lore-elkarte zoragarria: ainarra burusoila

FITXA TEKNIKOA Ainarra burusoila

Erikazeoen familia behin baino gehiagotan aipatu eta aztertu dugu jadanik eta ale honetan erika generoa hobeto ezagutzeko aukera izango dugu Ainarra burusoila landare ederrari esker.

Oro har, genero horren barruan azaltzen diren espezie desberdinak zuhaiskak edo muluak dira; beren lore hermafroditak ginbail terminaletan kokatuak dituztenak. Horren baitan, 600 bat espezie deskribatu dira, gehienak Afrikako hegoaldean; penintsulan 14 espezie eta 4 hibrido detektatu dira eta Euskal Herrian, 8 espezie ezagutzen dira.

J. Terés

Ainarra burusoila 80 cm-tik nekez pasatuko den mulua da; zurtoin andarkatuak eta puja gazte ilegabeak dituena. Bere hostoak 4-5eko bertizilotan kokatzen diren egitura linealak, ilegabeak eta ertz errebolutuak dira. Lore elkartea panikula trinkoa da; korola arrosa-lila eta zenbaitetan zuria duen kanpanulatua. Ekainetik urrira bitartean loratzen da eta fruitua kapsula obatu modura ematen du.

Europako mendebaldean erraz aurki daiteke eta Euskal Herrian bilatuz gero, itsasoaren mailatik hasi eta Pirinioetako gailurretaraino zabaltzen da, harizti, pagadi, artadi eta karraskaletako sastrakadietan eta txilardietan. Hegoalderantz joz gero, urrituz joango da eta klima mediterranioaren eraginpean dauden eskualdeetan erabat galtzen da.

Gure artean aski ezaguna da ainarra; bere generokoen artean arruntena baita. Hori dela medio, landare ezaguna izanik hainbat izen desberdin ditu: ainarra burusoila, txilar burusoila, astilarra, txirrintxirra, ginarrea, ilarra, lizarra, inarra, borozoa, etab. Landare melifero gisa preziatua da oso eta apaingarri modura sarritan erabili izan da.

Familia: erikazeoak
Espeziea: Erica vagans
Banaketa: oso arrunta
Habitata: hainbat basotako sastrakadietan eta txilardietan
Sendabelarra: ez

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.