Lo egitean neuronetan gertatzen diren aldaketak ezinbestekoak dira oroitzapenak sortzeko

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

lo-egitean-neuronetan-gertatzen-diren-aldaketak-ez
Dendriten 3D-ko irudikapena. Horrelako milaka irudi aztertuta ikusi dute loak aldaketak eragiten dituela haien egituran. Arg. Wisconsin Center for Sleep and Conciousness

Ukaezina da loak eragin zuzena duela oroimenean; zientzialariek ordea, ez dituzte ezagutzen eragin hori azaltzen duten funtsezko mekanismoak. Orain, prozesu horiek argitzen dituzten bi ikerketa argitaratu dira Science aldizkarian. Haien arabera, sinapsietan gertatzen diren egitura-eta konposizio-aldaketetan dago gakoa: esna gaudela sendotzen diren konexioak ahuldu egiten dira lo egitean, eta hori ezinbestekoa da oroitzapenak sortzeko eta finkatzeko. Bi ikerketak saguetan egin badituzte ere, uste dute gizakietan prozesua antzekoa izango dela.

Wisconsin-Madisonen Unibertsitateko ikertzaileen gidaritzapean egin dute ikerketetako bat. Neurozientzialariek saguen garuneko ehunak aztertu dituzte mikroskopio elektroniko bidez, eta neuronen arantza dendritikoen hiru dimentsioko ereduak sortu dituzte. Milaka irudi aztertu ondoren, frogatu dute sinapsiak uzkurtu egiten direla lo egin ondoren. Zehazki, ikusi dute lo egitean neuronen eta arantzen tarteko azalera txikitu egiten dela, eta esna egotean, berriz, azalera hori handitu egiten dela berriro. Ikertzaileek ondorioztatu dute txikitze horri esker gertatzen dela informazioa egoki prozesatzeko eta gordetzeko mekanismoa.

Bigarren ikerketa Johns Hopkins Unibertsitatekoek zuzendu dute. Biokimika, proteomika eta irudigintza erabilita, erakutsi dute lo egitean sinapsietan konposizio biokimikoa eta seinaleen garraioa aldatu egiten dela. Horren guztiaren eraginez, sinapsia ahuldu egiten da. Horrez gain, aldaketa horiek gidatzen dituen genea identifikatu dute: Homer1a.

Horrenbestez, bi ikerketak bat datoz: lo-esna zikloan sinapsiek duten plastikotasuna gako da oroimenak sortzeko. Bigarrenean, ikasketa-prozesuarekin ere lotu dute, eta erakutsi dute sinapsietan aldaketa horiek gertatzea eragozten bada, saguek ez dituztela oroitzapen berriak sortzen.


Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.