Lehen aldiz frogatu dute badirela exoplaneta urtsuak, eta, gainera, ugariak direla

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

lehen-aldiz-frogatu-dute-badirela-exoplaneta-urtsu
Exoplaneta urtsu baten irudikapen artistikoa. Arg. Pilar Montañés

40 exoplaneta baino gehiago aztertu ondoren, astrofisikariek baieztatu dute haietako askok ur ugari dutela: haien masaren erdia ere ura izan daiteke (Lurrarena % 0,02 baino ez da). Nonbait, ur hori ez dago azalean, baizik eta barnealdean, arrokekin nahasian, edo haien arteko biltegietan. Astrofisikarien esanean, horrek eragina izan dezake planeta horien bizigarritasunean.

Science aldizkarian argitaratu dute ikerketa, izenburu honekin: “Dentsitateak, ez erradioak, bereizten ditu M izan nanoak orbitatzen dituzten planeta arrokatsuak eta uretan aberatsak direnak” (Density, not radius, separates rocky and water-rich small planets orbiting M dwarf stars). Hain zuzen, M izar nanoen inguruan orbitatzen duten 43 exoplaneta txikiren erradioa eta dentsitatea aztertu dituzte. 

Esne Bidearen izarren % 80 M izan nanoak dira, eta Eguzkia baino txikiagoak dira. Ikertu dituzten exoplaneta horiek, berriz, lehendik ezagunak ziren; hau da, ez dituzte ikerketa honetan aurkitu. Inoiz ez ziren hain xehe aztertu, ordea, haien erradioa eta dentsitatea.

Exoplanetak detektatzeko bi sistema erabili ohi dira: batetik, bere izarraren aurretik igarotzean eragiten duten distira-galera behatuta, eta, bestetik, haien grabitateak izarrarengan eragiten duen erakarpena neurtuta. Lehenengo metodoarekin planetaren diametroa ezagutu daiteke, eta bigarrenarekin, masa. Biak jakinda, dentsitatea ondoriozta daiteke; hau da, Jupiter bezala gasezko erraldoi bat ote den, edo Lurraren moduko planeta txiki arrokatsu bat. Bada, ikusi zutenez, asko arrokaz eta urez osatuta daude, erdi eta erdi.

Hala, lehen aldiz ikusi da badirela exoplaneta urtsuak, eta, gainera, arrokatsuak bezain ugariak direla. Bestalde, ur hori azalean egon daitekeenik baztertu dute: haien eguzkietatik hain gertu daudenez, ura azalean balego, lurrunduta legoke, eta horrek erradioa handituko luke. Hortaz, barnealdean dagoela ondorioztatu dute, gure planetan ez bezala.

Hurrengo pausoa exoplaneta horien barneko osaketa ikertzea izango da. Horretarako, espero dute oso lagungarria izango zaiela James Webb espazio-teleskopioa.

 

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila