Laserrik azkarrena

EE.BB.etako Cornell-eko unibertsitateko zientzilariek garatutako proiektu batean, orain arteko maiztasun handieneko laserra lortu dute. Oso diametro txikia du (giza ile batena baino txikiagoa) eta abiadura izugarrian lan egiten du.

Laser honek 28 gigahertzetan lan egiten du, hau da, segundoko 28.000 milioi aldiz piztu eta itzali egiten da. Orain arte lortutako maiztasunik handiena 24 gigahertzekoa zen.

Baina, maiztasuna laserrean zergatik da hain garrantzitsua?

Laser baten azkartasuna, eraman daitekeen informazio-kantitatea zehazteko ezinbestekoa da. Garatutako laser berri honen bidez, zuntz optikoaren bidezko datu-transmisioaren abiadura 15 aldiz haziko dela estimatzen da.

Laser-izpi fin hauek lortzeko material ultrafinak erabiltzen dira, hots, 40 atomoren zabalera baino ez dutenak.

Laser hauek, putzu kuantikozko efektua duten laser-familian kokatu behar dira. Familia honetako laserretan elektroiek energi maila batetik bestera jauzi egiten dute eta fotoiak, argi-izpi gisa, emititzen dituzte.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila