Larre gorriak desagertzen ari dira Euskal Herriko kostaldean

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

larre-gorriak-desagertzen-ari-dira-euskal-herriko-
Geldium corneum alga gorria Arg. EHU

Euskal kostaldeko Gelidium corneum alga gorrien populazioak gainbehera larria izan du azken urteetan. EHUko Itsas Bentos ikerketa-taldeak bildutako datuek erakusten dute azken bi hamarkadatan populazioa erdira jaitsi dela leku askotan, eta muturreko kasuetan % 80ko presentzia izatetik %5era pasa dela.

 "Aldaketa izugarriak ari dira gertatzen gure itsaspeko paisaian; lehen alga-larre  zabalak zeuden tokietan, orain basamortu-itxura duten eremuak daude. Produktibitate-galera garrantzitsu bat izaten ari gara", dio ikerketa-taldeko buru Jose Maria Gorostiagak. Kondizioak aldatu egin dira azken urteetan. Batetik, uraren tenperatura epeldu egin da: abuztuko batez bestekoa 1ºC igo da azken hiru hamarkadetan, eta inoizko tenperatura handienak izan dira (26,2ºC-ko maximoa, 2003ko abuztuan). Eguzki-erradiazioak ere gora egin du, eta Gelidiumak horitzea eta zuritzea eragin du horrek. Mantenugaiak, berriz, urritu egin dira, azaleratzeen aldaketen eta ibaietatik heldutako ur-emariaren murrizketaren eraginez. Eta beste faktore batzuek ere badute eragina: herbiboroen eta ekaitzen areagotzeak, esaterako.

Gelidium corneum alga handia da, eta olatuek gogor jotzen duten tokietan kokatzen da. Garrantzia handia du itsas ekosistemaren funtzionamenduan, beste alga eta animalia askoren bizileku eta babeslekua baita. Baina haren tokia beste alga batzuk ari dira hartzen.

Aldaketa horien guztien ondorioz, espezie berriak ari dira agertzen. Ikertzaileek ikusi dutenez, 1.991an euskal kostaldeko bioaniztasuna 90 espeziek osatzen zuten, eta, 2013an 116 kontatu dituzte. "Espezie gehiago egotea ez da beti positiboa", dio Isabel Diez ikerketa-taldeko kideak. "Ekosistema batean positiboa dena da funtzioak eta prozesu ekologikoak mantentzea. Hau da, produktibitatea eta bioaniztasuna mantentzea, baina ez bakarrik espezie kopuruari dagokionean, baita aniztasun genetikoa edota funtzionala bezalako terminoetan ere. Izan ere, gure kostaldera sartu diren espezie berriek biomasa gutxi ekartzen dute, oso txikiak eta morfologia sinplekoak baitira. Gainera, iragankorrak dira eta ez dute eskaintzen beharrezkoa den egiturarik arrain eta ornogabeei babesa emateko".

Gelidium algen gainbehera Euskal Kostaldean , UPV/EHU.

 


Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.