Landare estresatuek soinuz adierazten dute beren egoera

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

landare-estresatuek-soinuz-adierazten-dute-beren-e
Tabako-landaketa bat. Arg. Bishnu Sarangi/Pixabay

Tomate- eta tabako-landare estresatuek igortzen duten soinua aire bidez hedatzen dela eta metro batera ere detekta daitekeela frogatu dute ikerketa batean. Cell aldizkarian argitaratu dute, eta, haren arabera, landare lehorrek edo zurtoinak moztuta dituztenek, adibidez, giza solasaren pareko bolumena duten soinuak igortzen dituzte. Pertsonak ez dira gai soinu horiek entzuteko, haien maiztasuna altuegia baita pertsonentzat, baina, ikertzaileen esanean, oso litekeena da beste ugaztun batzuek eta intsektuek haiek entzutea, eta, seguru asko, baita beste landare batzuek ere.

Landare estresatuek igorritako soinua, maiztasuna jaitsita, gizakiek entzun ahal izateko. Kaith et al. CC BY-SA

Landareek uhin ultrasonikoak igortzen dituztela jakina zen lehendik ere. Orain, lehen aldiz frogatu dute uhin horiek aire bidez transmititzen direla. Animaliek igortzen dituzten soinuak ere horrela hedatzen direla kontuan hartuta, ikertzaileek uste dute nolabaiteko komunikazioa egongo dela espezieen artean. 

Esperimentuan, landare osasuntsuak eta estresatuak grabatu zituzten, intsonorizatutako ganbera batean eta negutegi batean (zaratatsuagoa). Bi estres-mota eragin zizkieten: batzuk ez zituzten ureztatu, eta beste batzuei zurtoinak moztu zizkieten. Gero, batzuen eta besteen grabaketak alderatu zituzten, ikasketa automatikoko algoritmo baten bidez. Horrela ikusi zuten landare osasuntsuak oso isilak direla. Aldiz, ur-gabezia zutenak klik batzuk igortzen hasi ziren, eta 5. egunean iritsi ziren seinake akustikoen maximora. Handik aurrera, pixkanaka, isiltzen joan ziren, guztiz lehortzean isilik geratu arte.

Algoritmoa gai da landare lehorrek igorritako soinua eta zurtoinak moztutakoena bereizteko, baita landarea tomatea ala tabakoa den jakiteko ere. Beste landare batzuen soinuak ere jaso zituzten, baina oraindik ez dakite zehatz nola sortzen dituzten soinuak. Landareen hodi-sisteman sortzen diren burbuilen bidez izan daitekeela uste dute, baina onartu dute ikertzen jarraitu behar dutela argitzeko. Horrez gain, interesgarritzat jo dute ikertzea espezieen arteko komunikazioa, eta nola erabili informazio hori nekazaritzan.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila