Kokainaren gorakada nabarmena Europako hondakin-uretan

kokaina-kontsumoaren-gorakada-nabarmena-eurapako-h
Europako hondakin-uretan dauden droga-arrastoak neurtu dituzte. - Arg. EMCDDA

Europa osoko hondakin-uretako analisiak agerian utzi du kokainaren kontsumoa nabarmen hazi dela 2011-2017 artean, eta hori bera dela Europako hegoaldeko eta mendebaldeko droga nagusia. Aldiz, ekialdeko herrialdeetan metanfetamina da kontsumituena.

Ikerketan nazioarteko 71 ikertzailek parte hartu dute, eta Salamancako Unibertsitatearen gidaritzapean (Espainia) argitaratu dituzte emaitzak Addiction aldizkarian. Emaitza horiek lotzeko, 37 herrialdetako 120 hiriko hondakin-urak analizatu dituzte, biztanleek (60 milioi pertsona inguru) gernuan kanporatutako droga-arrastoen bila (substantzia bera edo haren metabolitoak). 

Ikertzaileek baieztatu dute kokaina dela droga nagusia Europako hegoaldean eta mendebaldean (Suitza, Italia, Frantzia, Espainia eta Erresuma Batua), eta bere kontsumoa nabarmen hazi dela neurtutako tartean. Belgikan eta Herbehereetan anfetaminaren kontsumoak ere gora egin du.

Metanfetamina, berriz, besteak baino gutxiago kontsumitzen da, baina bereziki agertzen da ekialdeko herrialdeetan (Eslovakia, Txekiar Errepublika eta Alemaniaren ekialdea), eta Europako iparraldera eta erdialdera zabaltzen ari da.

MDMA, ikerketan aipatzen den laugarren substantzia, ez da inon nabarmentzen, baina haren kontsumoa hazi egin da urte horietan. 

Ikertzaileen esanean, hondakin-uren analisiek emandako emaitzek bat egiten dute beste metodo batzuen bitartez lortutakoekin. Datu guztiak eta mapa interaktiboak Europako Batasuneko EMCDDAren orrian ikus daitezke.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.