Kansasko helioa

Kansasko Unibertsitateak, ehungarren urteurrena ospatzen duen urte honetan, American Chemical Society-k emandako saria jaso du helio gasaren inguruan egindako lan eta aurkikuntza garrantzitsuengatik. Izan ere, bertan ohartu baitziren gas naturalean helioa ere bazegoela. 1903. urtean gas naturala energia-iturri erabilgarria izan zitekeela frogatu nahi zuen Kansasko Dexter hiriko erauzketa-konpainia batek.

Horretarako, aparteko ikuskizuna prestatu zuen, ekintzarik aipagarriena zerurantz gidaturiko gas-txorrotada zelarik. Baina unea iritsi zenean, hainbat kilometrotan ikusi ahal izango zen gas-txorrotada ez zen piztu. Erasmus Haworth-ek eta David F. Mc Farland-ek, Kansas Unibertsitateko irakasleek, ez-piztearen berri izan zuten eta erregaitza zen gas arraro haren lagin batzuk eskuratu zituzten. Gasak hondakin inerte bat zuen eta, horregatik, ez zen erretzen. Bi urte geroago, hondakin inerte hura helio gasa zela ikusi zuten, ordura arte Eguzkian eta mineral arraroetan bakarrik aurkitu zen gasa. Helioa gas naturaletik erauz zitekeela jakin arren, hamarkada bat geroago arte ez zen ezer berezitan erabili. 1917. urtean helioa globoak aireratzeko erabiltzen hasi ziren eta, geroztik, gas gero eta gehiago erabili da: jaurtigailu espazialetako erregai-tangak presurizatzeko, erresonantzia magnetikoak egiteko, urpekarietarako, detektagailu infragorriak hozteko eta beste hainbat aplikaziotarako.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.