Kakalardo erraldoien muga

Kakalardo erraldoien muga
2007/10/01 | Elhuyar
(Argazkia: Argonne National Laboratory)

Munduko kakalardo-espezie handiena Amazona oihaneko Titanus giganteus da: arraren batez besteko neurria 13,5 cm da eta ia 17 cm-rainokoak ikusi izan dira (antenak kontuan izan gabe). Galantak dira, baina askoz kakalardo handiagoak izan ziren garai batean, Paleozoiko berantiarrean. Nolatan desagertu ziren, bada, intsektu erraldoi haiek? Galdera horri erantzun nahian, intsektuen tamainaren muga non dagoen eta zeren araberakoa den ikertzen dihardute Argonne laborategiko ikertzaile batzuek.

X izpi bidez, oso tamaina diferenteetako lau kakalardo-espezieren barruari erreparatu diote. Eta ikusi dute handienek hodi trakeal handiagoak dituztela proportzioan txikiek baino --oxigenoa gorputz-atal guztietara garraiatzeko erabiltzen dituzten egiturak dira hodi trakealak--. Ikertzaile horien arabera, hanketako hodi trakealek mugatzen dute, batez ere, kakalardoen tamaina; eta, egin dituzten kalkuluen arabera, kakalardoak izan dezakeen tamaina handiena Titanus giganteus-ek duena da, hain zuzen ere.

Hortaz, nola bizi izan ziren horiek baino kakalardo handiagoak? Bada, azalpena airearen oxigenoan dago: Paleozoiko berantiarrean, aireak orain baino oxigeno gehiago zuen, eta, hortaz, errazago zabaltzen zen kakalardoaren gorputzean.

1
235
2007
10
012
Zoologia; Biologia; Teknologia; Eboluzioa
Berriak labur
7
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila