Jupiterren ezkutu-izaera zalantzan

Jupiterren ezkutu-izaera zalantzan
2007/10/01 | Elhuyar
(Argazkia: NASA-JPL)

Duela hamarkada batetik hona, onartu izan da Jupiterrek Lurra babesten duela asteroideetatik; nolabait, ezkutu gisa jokatzen duela inguratzen zaizkion asteroideak eguzki-sistematik urrunduz, eta, beraz, barrualderago iristea eragotziz. Baina, ordenagailuan simulazioak eginda, ikusi dute Jupiterrek ez duela Lurra babesten: are gehiago, kontrako eragina duela ikusi dute.

Simulazioa Erresuma Batuko Unibertsitate Irekian egin dute. Hainbat egoera simulatu dituzte: eguzki-sistema Jupiterrekin, Jupiter gabe, eta Jupiterren ordez hainbat masatako gasezko erraldoiak banan-banan jarrita, masa desberdineko baina Jupiterren antzeko planetekin, alegia. Sistema horretan, Kuiper-en gerrikoko ehun mila gorputz ere jarri dituzte. Eta denborarekin eredu bakoitzean zer gertatzen zen ikusi dute (birtualki, hamar milioi urte igaroarazi dituzte eredu bakoitzean). Bada, simulazio horien arabera, Kuiper-en gerrikoko objektu batek Lurra jotzeko arriskua % 30 handiagoa da Jupiter egonda, gabe baino.

Simulazioak datu argigarriak eman ditu, Jupiterren ezkutu-izaera zalantzan jartzeko adinakoak. Hala ere, kontuan izan behar da, eta adituek hala nabarmendu dute, eredu horiek ez dituztela eguzki-sistemako objektu guztiak aintzat hartzen, eta, beraz, emaitza ez dela hitzez hitz hartu behar.

1
235
2007
10
023
Astronomia; Astrofisika; Softwarea
Berriak labur
11
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila