Jokabide ez-heterosexualek ez dute loturarik gene jakinekin

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

jokabide-ez-heterosexualek-ez-dute-loturarik-gene-
Arg. Genetic Sex Behavior

Genetikak jokabide ez-heterosexualean eraginik ote duen ikertzeko egin den azterketa zabalenaren arabera, ez dago erlazio garbirik sexu bereko pertsonekin sexu-harremanak izatearen eta geneen artean. Nazioarteko talde batek egin du ikerketa, eta Science aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Horrez gain, geneticsexbehavior.info webgunean denen eskura jarri dituzte xehetasunak: zergatik eta nortzuk egin duten ikerketa hori, zer egin duten, zer emaitza lortu dituzten eta zer hutsune dituen...

Azaldu dutenez, orain arte egindako zenbait ikerketatan aurkitu izan dituzte homosexualitatearen eta geneen arteko nola-halako loturak, baina ez ziren sendoak. Oraingoan, 477.522 pertsonaren datu genetikoak eta haien sexu-portaera alderatu dituzte. Parte-hartzaileen kopurua handia den arren, ikertzaileek onartu dute lagina ez dela behar bezain heterogeneoa: AEBetakoak eta Britainia Handikoak dira, klase sozioekonomiko altukoak dira, eta adin-tarte mugatukoak (50 urte ingurukoak). Hala ere, kopuruagatik eta azterketa-motagatik (GWAS), emaitzak esanguratsuak direla baieztatu dute.

Berez, ikusi dute, DNAk dituen milioika markatzaileren artean, bostek badutela lotura jokabide ez-heterosexualarekin, baina haien eragina oso da txikia. Markatzaile horietako bat, adibidez, usaimenarekin eta estrogenoarekin eta testosteronaren erregulazioarekin erlazionatuta dago, baina bai usaimenean bai hormonen erregulazioan beste milaka markatzailek ere eragiten dute.

Emaitzek erakutsi dute ez dagoela jokabide ez-heterosexualaren eta geneen arteko lotura nabarmenik, eta, beraz, ezin dela pertsona baten sexu-jokabidea aurreikusi, azterketa genetiko baten bitartez. Horrez gain, ikertzaileek berretsi dute sexu-zaletasunak eta jokabideak eredu bitarra eta heterosexuala gainditzen duela, eta espektro zabala hartzen dutela. Gaian ikertzen jarraituko dutela aurreratu dute, baina garbi diote: “Ez dago sexualitatearen dimentsio bakar bat”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila