Jarduera sexualik ez, eguraldi txarra dator eta

Rementeria Argote, Nagore

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

jarduera-sexualik-ez-eguraldi-txarra-dator-eta
Diabrotica speciosa kakalardoa Arg. Pablo Dikro CC-BY-NC-SA

Animalien portaera eguraldia iragartzeko erabili izan da tradizionalki, argudio zientifikorik gabe, ordea. Sao Pauloko eta Mendebaldeko Ontario Unibertsitateko entomologoek elkarrekin egindako ikerketa batean ikusi dute hiru espezietako intsektuen sexu-portaeran “eguraldi-iragarpenak” eragina duela, eta presio atmosferikoaren aldaketak daudenean, sexu-harreman gutxiago izaten dituztela, eta azkarragoak, Plos One aldizkarian argitaratu dutenez

Ikerketa taxonomian urruti dauden espezieekin egin dute: Diabrotica speciosa kakalardoa, Pseudaletia unipuncta gaueko tximeleta eta Macrosiphum euphorbiae landare-zorria. Guztietan ikusi dute aldaketa portaeran: presio atmosferikoa bat-batean jaitsiz edo igoz gero, emeek dei laburragoak egiten dituzte, eta arrak gutxiago mugitzen dira. Hortaz, estalketa gutxiago gertatzen dira, eta estalketetaren aurreko gorteiatzea laburragoa izaten da presioa egonkorra denean baino. Espezie batzuetatik bestetara aldeak izan dira; ikertzaileen aburuz, arrazoia da tamaina desberdina dutela, eta hegan egiteko gaitasuna ere bai.

Horrelako portaera-aldaketak babesa ematen dio intsektuari, presio atmosferikoaren aldaketak ekaitz edo haize-bolada handien seinale baitira, arrisku larriak intsektu txikien munduan. Beste kontu bat da nola ote diren intsektuok presio-aldaketa hori igartzeko gai. Ikertzaileek susmoa dute kutikulako ileak erabiltzen dituztela horretarako.

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.