Izarrarteko espazioan azukreak bilatzen ari dira EHUko ikertzaileak

izarrarteko-espazioan-azukreak-bilatzen-ari-dira-e
Lau karbonoko azukre-molekula bilatu dute espazioan, eritrulosa. The Journal of Physical Chemistry Letters aldizkaritik moldatua.

Zientzialariek urte asko daramatzate izarrarteko espazioan interes biologikoko molekulak identifikatzen, molekula prebiotikoak aurkitu eta bizitzaren jatorria nola gertatu zen jakin nahian. Ahalegin handiak egin dira aminoazidoak, base nitrogenatuak, gantz-azidoak eta bestelako biomolekulak bilatzeko, baina azukreen detekzioa zaila suertatu da orain arte, azukreak lurruntzeko ezintasunak detekziorako metodo bat sortzea galarazten zuelako. EHUko Espektroskopia Taldeak, ordea, eritrulosa azukrea lurrundu eta espazioan bilatzeko modua garatu du.

Espazioa molekulez beteta dagoenez, ezinbestekoa da bilatu nahi den molekula aurrez laborategian zehaztasun handiz karakterizatzea. Horrek emango die astronomoei, irrati-teleskopio ahaltsuak erabiliz, molekula espazioan bilatzeko informazioa. Molekula horiek karakterizatzeko espektroskopia errotazionala erabili ohi da, eta gas-faseko laginak erabiltzen dira horretarako. Azukreak solidoak dira, eta arazoa da, berotu eta gas-fasera pasatzean, karamelua sortzen dela. Alegia, ez dira lurruntzen; deskonposatu eta eraldatu egiten dira, molekula txikiagoak sortuta. Baina EHUko ikertzaileek lortu dute lurruntze-teknika bat garatzea, azukre hori gas-egoerara pasa dadin, deskonposizio-prozesua saihestuta.

Oraingoz, eritrulosa azukrea lurruntzea lortu dute eta, saiatuta ere, ezin izan dute detektatu izarrarteko espazioan. Baina edozein azukre lurruntzeko metodologia orokorra lortu dutenez, espazioko azukreak aurkitzeko prozesua erraztuko dutela adierazi dute ikertzaileek. The Journal of Physical Chemistry Letters aldizkarian argitaratu dute lana.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila