Itsas robotak Pazifikoa zeharkatzen

Ibilgailu autonomo batek Pazifikoa zeharkatu du, eta beste hiru bidean dira

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

itsas-robotak-pazifikoa-zeharkatzen
Arg. Liquid Robotics

San Franciscotik (AEB) atera, eta, 365 egun itsasoan egin ondoren, Queenslandera (Australia) iritsi berria da Papa Mau itsas robota. 16.668 km-ko bidaia izan da, ibilgailu autonomo batek inoiz egin duen luzeena, robota sortu duen Liquid Robotics enpresa estatubatuarraren esanean.  

Baina luzera-errekor hori jartzea ez zen bidaia honen helburu nagusia. “Pazifikoan zeharreko bidaia hauek martxan jarri genituen frogatzeko ez soilik robot hauek gai zirela itsaso zabalean osorik irauteko eta halako bidaia luze bat egiteko, baizik eta, batez ere, gai direla, lekurik urrunenean ere, denbora errealean datu ozeanografikoak jasotzeko eta bidaltzeko” dio Bill Vass Liquid Robotics-eko zuzendariak. Izan ere, robotek hainbat gailu daramatzate, uraren tenperatura, gazitasuna, fluoreszentzia, oxigenoa, olatuak eta abar neurtzeko. Hala, esaterako, 1.200 km-ko fitoplankton-bloom bat neurtu du Papa Mauk bidaia honetan.

Pap Mau bezalako beste hiru robot ere itsasoratu zituzten. Olatu-planeatzaile (Wave Glider) deitzen diete. Bi zati dituzte elkarri lotuta: bat, itsasoaren gainazalean doa, eta bestea urpean, metro batzuk beherago. Eta egitura horri esker, olatuen mugimendua baliatuz egiten dute aurrera. Bigarren robota, Benjamin, Australiara hurrengo urtearen hasieran iristea aurreikusten dute, eta beste biak Japoniara bidean dira, nahiz eta bat atzera egiten ari den, Hawaiira, konponketa batzuk behar dituelako.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila