Sari-ak kolerari aurre egiteko

Kolera zabalduta dagoen herrialdeetan gaitz horren kasuak gutxitzeko, sistema berezi eta eraginkor bat aurkitu dute: ura sari zaharrez araztea. Indiako eta Bangladesheko emakumeek erabiltzen dituzten jantzi tradizionalak gutxienez lau aldiz tolestu eta ura bertatik iragazita, ura garbitzea lortu dute. Emaitzak agerikoak dira: kolera-kasuak erdira jaitsi dira.

Kolera uretan bizi den bakterio batek eragiten du, Vibrio cholerae bakterioak, eta haren erruz hildako asko izaten dira urtean, batez ere adineko jendearen eta umeen artean. Bakterioa txikia da eta, beraz, ez luke inolako zailtasunik izan beharko sari-aren poroetatik pasatzeko. Baina uretan kopepodo izeneko krustazeo batzuk ere badaude, bakterioak baino milaka aldiz handiagoak direnak, eta haiei itsatsita egoten da bakterioa. Hori dela eta, ezin dute sari-aren poroetatik pasa.

Gaitza harrapatzeko gutxieneko bakterio-kopuru bat beharrezkoa denez, ez da ezinbestekoa bakterio den-denak desagerraraztea, eta horregatik da hain eraginkorra metodo hau. Gainera, sari zaharrak berriak baino hobeak dira, listen hasiak egoten baitira eta, poro txikiagoak dituztenez, bakterio gehiago harrapatzen baitituzte.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila