Irakurtzen ikasteak uste baino aldaketa sakonagoak eragiten ditu garunean

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

irakurtzen-ikasteak-uste-baino-aldaketa-sakonagoak
Indiako emakume alfabetatu gabeekin aztertu dute irakurtzen ikasteak garuna nola aldatzen duen. Arg. © Max Planck Institute for Psycholinguistics

Alfabetatu gabeko helduekin egindako ikerketa batek erakutsi du irakurtzen ikasteak uste baino aldaketa handiagoak eragiten dituela garunean.

Irakurtzen ikastean konexio berriak sortzen dira garunean. Begien bidez ikusitako letrak hizkuntza bihurtu behar ditu garunak, eta horretarako objektu konplexuak ezagutzeko eremuaren eta hizkuntzaren eremuaren arteko konexioak sortu behar dira. Orain arte, jotzen zen aldaketa horiek garunaren kanpoaldean gertatzen zirela, kortexean, egoera berrietara azkar egokitzeko gaitasuna duen aldean, hain zuzen ere. Baina orain, Max Planckeko ikertzaileek Indiako Ikerketa Biomedikoaren Zentrokoekin (CBMR) eta Hyderabad Unibertsitaekoekin batera aztertu dute zer aldaketa gertatzen diren helduen garunean irakurtzen ikastean, eta ikusi dute ikasketa-prozesu horrek garunean eragiten duen berrantolaketa garunaren sakoneraino iristen dela, talamo eta garun-enborreraino, hain justu. Science Advances aldizkarian argitaratu dute lana.

Indiako 30-40 urteko emakumeekin egin dute ikerketa. Hasi baino lehen, ez ziren gai hitz bakar bat ere ezagutzeko, eta bi heren gai izan ziren sei hilabetetan irakurtzen ikasteko. Ikusitako emaitzekin, ikertzaileek garun helduaren plastikotasuna azpimarratu dute. Bestalde, dislexiaren inguruko beste ikuspuntu bat ere eman dute. Izan ere, dislexiaren atzean talamoaren disfuntzioak daudela jotzen da, baina, ikusita hilabete batzuetan irakurketan trebatuz talamoa berregituratzen dela, hipotesi hori berraztertu behar dela uste dute.


Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.