Iragana gaur, garaiera handian

Iragana gaur, garaiera handian
2009/12/01 | Elhuyar
(Argazkia: María Eugenia Farías)

Argentinako ikertzaile batzuek estromatolito biziak topatu dituzte Andeetako laku gazi batzuetan, 4.000 metrotik gorako garaieran. Estromatolito fosilak munduko hainbat lekutan dauden arren, oso zaila da estromatolito biziak aurkitzea. Badira batzuk itsasoan, adibidez Australiako Marrazo Badian, eta baita laku gazietan ere, Yellowstonen esaterako; baina garaiera hain handian topatzen dituzten lehen aldia da.

Aurkikuntza LIMLA Andeetako Lakuen Ikerketa Mikrobiologikoen Laborategiko ikertzaileek egin dute, María Eugenia Farías mikrobiologoak gidatuta. Lakuak Punako goi-lautadan daude, eta ur oso gazia dute. Gainera, garaiera horretan, erradiazio ultramorea oso handia da, eta oxigeno-tentsioa, txikia. Faríasen hitzetan, "nolabait, Lurra gaztea zen garaiaren antzeko kondizioak daude".

Hala, estromatolito horiek aztertuta, Lurraren bilakaera hobeto ezagutzeko datuak jasotzea espero dute ikertzaileek. Izan ere, zientzialariek uste dute estromatolitoei eta beste mikroorganismo fotosintetikoei esker aldatu zela atmosferaren konposizioa.

Horrez gain, etorkizuneko ikerketarako ere baliotsuak izan daitezke Punako lakuetako estromatolitoak. Hain zuzen, haien ezaugarrietan oinarrituta, aplikazio bioteknologiko interesgarriak gara daitezke, Faríasen arabera. Adibidez, muturreko kondizioetan karbono dioxidoa finkatzeko duten gaitasuna baliagarria izan daiteke klima-aldaketari aurre egiteko aplikazioren bat sortzeko.

(Argazkia: María Eugenia Farías)

Beste aplikazio batzuk izan daitezke erradiazio ultramorearen iragazkiak, substantzia antioxidatzaileak, lurzoruan nitrogenoa finkatzeko sistemak, bioerremediazioa...

Ikertzaileek lakuak babesteko legeak ezartzeko eta behar diren azpiegiturak egiteko eskatu diete agintariei. Izan ere, arriskuan daude: Tolar Grande herritik gertu dagoen putzu bat dagoeneko kutsatuta dago, seguru asko herritik iristen diren ur beltzekin, eta hango estromatolitoak hilda daude; Socompa lakuko ura, berriz, Txilera bideratzen da, meatzaritzarako.

1
259
2009
12
003
Mikrobiologia; Eboluzioa
Albisteak
8

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.