Ingurune berdeek osasunean nola eragiten duten aztertu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

ingurune-berdeek-osasunean-nola-eragiten-duten-azt
San Martin parkea, Gasteiz Arg. Gazteizko udala

INMA proiektuan, ingurune naturalek haurren osasunean duten onura ikertu dute. Izan ere, ikerketa ugari egin dira osasunean eragin kaltegarria duten ingurumen-aldagaiak aztertzeko, baina ez alderantziz. Hutsune hori betetzeko asmoz, ingurune berdeen eraginari buruzko azterketa epidemiologikoa egin du ikertzaile-talde batek: Biodonostiako ikertzaileak, EHUko Mekuntza eta Erizaintza eta Psikologiako fakultateetakoak, Eusko Jaurlaritzaren Gipuzkoako osasun publikoaren eta adikzioen zuzendariordetzakoak eta Carlos III Osasun Institutukoak.

Ikerketan, Geografia Informazio Sistemak (GIS) erabili dituzte, eta datu objektiboak eta subjektiboak bildu dituzte: partaidearen etxebizitza inguruko berdetasun-maila, 300 metroko inguruan gune berderik duen ala ez, eta gertuena zein distantziatara dagoen, batetik, eta inkestetan azaldutako pertzepzio subjektiboa, bestetik.

Horrez gain, gune berdeek osasunean zein bitartekariren bidez eragiten duten sailkatu dute: ingurumenarekiko esposizioa (karbono dioxidoa xurgatzea, trafikorik eza, tenperatura eta hezetasuna erregulatzea); jarduera fisikoa; gizarte-kohesioa; eta estresa arintzea eta atentzioa berreskuratzea. Osasuna neurtzeko, berriz, sei arlori erreparatu diete: ugalketa-osasuna, jarduera fisikoa, osasun mentala, asma eta alergia, ondorio kardiobaskularrak eta hilkortasuna. 

Azkenean, 17 ikerketaren emaitzak hartu dituzte aintzat, eta ikusi dute ingurune berdeek bitartekarien bidez eragiten dutela osasunean, bai eragin kaltegarriren bat aritzen dutelako, baina onuragarriren bat areagotzen dutelako. 

Ondorioztatu dutenez, bitartekari garrantzitsuenetako bat berrezarpenaren gaitasuna da: gizakiak naturarekin eboluzioan eduki duen harremanarengatik, gizakion mekanismo asko hobetzen dira, eta, onurak fisikoak zein mentalak dira. Hala ere, bitartekari aipatuenak jarduera fisikoa eta aire-kutsadura dira, eta bigarren maila batean azaltzen dira zarata, giza kohesioa eta depresioa.

Ikertzaileek adierazi dute, emaitzak esanguratsuak badira ere, ikertzen jarraitu behar dela. Emaitzak Ekaia aldizkarian argitaratu dituzte, eta inguru berdeen eragina azaltzeko bideo bat egin dute, hezkuntzara zuzenduta.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.