Ikertzaileak larri Frantzian

Frantziako "Centre Nationale de la Recherche Scientifique" (CNRS) erakundean urak nahasi dabiltza. CNRS da oinarrizko ikerketarako Europan dugun erakunderik handiena. Izendatu berri duten zuzendariak, Guy Aubert jaunak, erabaki gogorra hartu du; aurten erabiltzekoa zen dirutik % 60a besterik ez dela gastatuko adierazi baitu. Berri honek ikertzaileak haserretu eta kalera aterarazi ditu.

Protestaren arrazoia ez da aurrekontuaren murriztapen hau bakarrik; azken bolada honetan ikertzaileei heldu zaizkien berri txarren arteko azkena besterik ez baita. Askorentzat erakundearen beraren etorkizuna da zalantzan dagoena. Argitaratu ez den dokumentu batean, CNRSren departamentuak zazpitik laura eta laborategiak 1.300etik 400era murriztea gomendatzen omen da. Beste laborategien arteko zenbait, Unibertsitatearen eskuetara pasatuko lirateke.

Aurten bertan, ekainean, hain zuzen ere, ikerketetarako aurrekontuek (alokairuak salbu) % 8ko murrizketa jasan dute. Horrelako bi murrizketa urte berean gertatzea onartezina da askorentzat. Are gehiago, hainbat ikerketa-institutu eta laborategirentzat finantza-krisi gogorra sor dezake erabaki honek, dagoeneko % 60a baino gehiago gastatua dutelako.

Parisko Jacques Monod Institutuak % 75a gastatua du eta Auberti erabakia berraztertzea eskatu diote bertako arduradunek. Institutu hauetan (eta beste zenbaitetan) erabakiak aurrera egingo balu, iharduera guztiak etenda geratuko lirateke urtearen bukaera arte. Urtearen azken hilabeteak ikertzaileek liburutegietara jo beharko dute lan egitera; erreaktiboak, adibidez, faltako baitituzte beren laborategietan.

Baina ez da diru-kontu hutsa. Zenbaiten iritziz aldaketa hauek gerora ere egin nahi diren beste batzuen aitzindari besterik ez dira. Gobernuak ez luke hainbesteko autonomiaz jokatzen duen erakundea nahi; berak ezarritako lehentasunezko lerroetan lan egingo duten laborategi eta ikerketa-zentruak baizik. Horrela, azken helburua, milaka ikertzaile nominan dituen erakundea, lerro jakin batzuen arabera bekak eta laguntzak banatzen dituen erakunde bihurtuko litzateke. Bide honetatik doaz aipatu dukumentuan egiten diren gomendioak, aldaketa horien arrazoia eraginkortasuna eta dinamismoa direla argudiatuz. Langileen ordezkarieen ustez, aldiz, ikerketaren mundua kontrolatzea eta helburu politiko eta ekonomikoen esanetara jartzea dira sakoneko arrazoiak.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.