Ikertzaile euskaldunen kongresua: Baionatik nazioartera, euskaratik ikerketara

ikertzaile-euskaldunen-kongresua
Arg. UEU

Hirugarrenez bildu ditu UEUk ikertzaile euskaldun gazte zein ez hain gazteak. Oraingo honetan Baionan izan da maiatzaren 27tik 29ra bitartean. Antolatzaileek argi zuten Baionan izan behar zuela Ikergazte kongresuaren hirugarren edizioak eta, erantzuna ikusita, ezin gusturago daude. 180  lagun bildu dira oraingoan eta aurkeztutako artikuluen kalitatea ere nabarmendu dute.

Plaza

Hasierako helburu berberak ditu gaur egun ere Ikergazte kongresuak. Horietako bat ikertzaile euskaldunen lana plazaratzea. Horretarako plaza izatea. Baionako Errobiko kanpusean 100 ikertzailek aurkeztu dituzte euren artikuluak; ahozko komunikazio bidez edota poster bidez. Era guztietako jakintza-arloek egin dute bat hiru egunetan eta lanen kalitatea izan da kongresuaren amaieran gehien azpimarratu dena. Bide batez, zorionak aurtengo irabazleei. Kongresuan aurkeztutako artikulu guztiak argitaratu ditu UEUk. Hori ere badelako Ikergazteren helburua, euskarazko produkzioa areagotzea.

Beste ikertzaileak zertan dabiltzan entzuteko bakarrik ez, ikertzaile beteranoagoak entzuteko aukera ere izan zen. Francesco d’Errico Frantziako Centre National de la Recherche Scientifique-ko (CNRS) ikerketa zuzendaria, adibidez. D’Erricok 200 artikulu baino gehiago idatzi ditu goi mailako aldizkarietan eta, 2014az geroztik, gehien aipatutako ikertzaileen zerrendan (Highly Cited Researchers) ageri da. Afrikarrak bezain neanderthalak garela esan zigun, edo denisovarrak… gure jokatzeko eran, pentsatzeko eran eta baita gaixotasunen kasuan ere. Gure arbasoen ondare genetikoaz hitz egin zigun D´Erricok.

Gwerfyl Wyn Roberts diziplinarteko ikerkuntzaren eginkizunaz jardun zen, hizkuntza gutxituetako hiztunentzako osasun-zerbitzuak hobetzeko. Roberts Galeseko Bangor University-ko School of Health Sciences-eko irakasle titularra izan da, duela gutxi erretreta hartu duen arte.

Jesus Mari Txurrukak barearen 10 dohainak ekarri zizkigun ikergai gisa. Abesti eta guzti.  Txurruka  EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko ikertzaile eta irakasle hasi zen 1976-77 ikasturtean, eta 1979-80 ikasturtean euskal lerroa abiatu zenean, euskaraz ematen hasi zen Biologia, Geologia eta Kimika Lizentziaturetako lehen kurtsoko Biologia, teoria eta praktikak. Zientzietako euskarazko ikasketan izen nagusietako bat da; horren lekuko dira Inguma Euskal komunitate zientifikoaren datu baseko 67 erreferentziak. Irakaslea, ikertzailea, idazlea eta dibulgatzailea izan da eta da, oraindik ere. Baita UEUkidea ere.

Josu Martinezek "existitu ere egiten ez garen herri bat” garela esan zigun, eta ikerketa egitea “istorioak kontatzeko modua” ere badela eta sorkuntza-lana ere badela aldarrikatu zuen. EHUko ikus-entzunezko Komunikazio Saileko ikerlari eta irakaslea da Martinez, zinema arloan. Paueko Unibertsitatean ere izan da zinemako irakasle, Baionako kanpusean. Hizkuntza gutxituak eta ikus-entzunezko medioak aztertzen dituen NOR ikerketa taldeko kidea ere bada. Berak aurkitutakoak dira “Gure sor lekua” (1956) euskarazko historiako lehen filma eta baita Louis Lumierrek 3 dimentsiotan filmatutako  “Euskadi” (1936) laburmetraia ere. Hainbat lanen egile ere bada zinemagintzan zein literaturan.

Komunikazio onenari saria jaso duten ikertzaileak. Arg. UEU

 Sarea

Kongresu hutsetik harago doa Ikergazte kongresua, eta bere izaera ibiltariak Euskal Herriko txoko ezberdinetan egiten den lanaren berri izateko aukera ere ematen du. Eta hori ere baliatu dute aurtengoan. Laborantza Ganbara, Estia Ingeniaritza eskola, Zizpa gaztetxea, Euskal Herria Zuzenean jaialdia zein Euskal Kultur Erakundearen Etnopoloa gertutik ezagutzeko aukera izan zuten ikertzaileek. Bisita edota hitzaldi bidez.

Ipar Euskal Herrian Terminala egiten dutenen %90a Euskal Herritik doa. Hortik erdia ez dira Euskal Herrira itzultzen. Berez, badago eskaintza euskaraz ikasteko hegoaldean, baina zailtasunak ere bai. Batetik, informazio-falta, idazkaritzetan euskaraz ez jakitea, homologazioak, gastu ekonomikoa, baremo ezberdinak... Hori unibertsitatean. Lanbide Heziketan ikasteko ez dira prozesu errazagoak. Guzti horretaz hausnartzeko mahai-ingurua izan zen maiatzaren 27an. Besteak beste, Txomin Poveda eta Maia Duguine ikertzaileek euren esperientziaren berri eman zuten eta bertan izan ziren Kepa Sarasola (UEU), Oihana Zanponi (Eusko Ikaskuntza) eta Eneko Bidegain (kazetari eta Mondragon Unibertsitateko irakaslea); baita Iban Thicoipe zein Jaki Agerre Bernat Etxepare lizeoko zuzendaria eta orientatzailea ere, hurrenez hurren.

Ipar Euskal Herriarekin lotutako hitzaldi eta irteerez gain, bestelako tailerretan parte hartzeko aukera ere izan zuten ikertzaileek. LaTex tailerra, prozedura feministen ingurukoa, argitalpen zientifikoetarako mapen sorkuntzaren ingurukoa, datuak ikusarazteko infografien ingurukoa, ikerketan kontuan hartu beharreko datu juridikoen ingurukoa edota ikerketa akademiatik harago zelan aletu jakiteko.

Hitzaldi, saio osagarri eta bisitek sarea sortzen ere laguntzen dute. Eta baita bertan ostatu hartzeak ere. Nabaria zen giroan. Eta horretan laguntzeko hamaiketako eta bazkariaz gain, denek batera Kalostrape ostatuan afaltzeko aukera izan zuten kongresuko bigarren egunean.

Euren lanak aurkeztu dituzten ikertzaileetako bi dira Ainize Labaka eta Naia Idoiaga. Labakak bigarrenez parte hartu du eta, bere esanetan, “Ikergazten, nahiz eta oso kalitate handiko lanak izan, zorroztasuna izan eta galdera beteak egin, zure hizkuntzan ari zarenez beste goxotasun bat dago. Ez zaizu hain arrotza egiten”. Naia Idoiagak hirugarrenez parte hartu du, eta aurreko biak ahalduntze esperientziak izan zirela dio. Baina, era berean, ikertzaileak batzearen aberastasunaz hitz egin zuen, diziplina desberdinetakoak izan arren, prozesu antzekoan daudenak batzeaz. “Ni, behintzat, asko lagundu ninduen jakiteak fisikan tesia egiten ari den gazte batek eta nik tesi-prozesuan erronka, gatazka eta beldur antzekoak ditugula, eta prozesu horretan aurrerago eta atzerago dauden lagunekin esperientziak partekatzeak”.

Zizpa Gaztetxea ezagutu zuten ikertzaile gazteek. Arg. UEU

Elkarlana

Era honetako kongresu bat ez litzateke ezer elkarlanik gabe. Ikertzaileen plaza hori atontzeko ezinbestekoa da. Oraingo honetan, Baionako Iker Zentroa izan du bidelagun nagusi UEUk, baina ez da bakarra izan. Atzean izan da dira UPPA, EHU, Udalbiltza, ESTIA, NUP, Nafarroako Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Euskal Hiri Elkargoa, Euskararen Erakunde Publikoa, Eusko Ikaskuntza, Euskal Kultur Erakundea, Euskaltzaindia edota Baionako Herriko Etxea ere.

Erakunde eta elkarteen arteko elkarlana beharrezko bada, ikertzaileen arteko elkarlana ere bai. Eta, hori bultzatu asmoz, laguntza deialdi berezi bat izango dela aurreratu dute Ikergazteko antolatzaileek. Kongresuaren filosofiarekin bat egiten duen laguntza izango da, diziplinartekotasuna sustatu asmoz. Oraindik zehaztasunik ez dute eman, baina ikerketa-esparru, ikerketa-talde eta unibertsitate ezberdinen arteko ikerketei begirakoa izango da. Udazkenean emango dute zehaztasunen berri.

Urte bi barrura arte agurtu da kongresua. Baionakoak izan duen erantzuna ikusita, argi gelditu da oraindik ere badela era honetako kongresuen beharrizana.

 

Ikergazte iruditan: 

1. eguneko laburpena

2. eguneko laburpena

3. eguneko laburpena

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila