Caulerpa Taxifolia aurrera

Mediterranioan Caulerpa taxifolia izeneko alga etengabe hedatzen ari da. 1990. urtearen bukaeran hiru hektarea besterik hartzen ez bazituen ere, urtebete geroago 30 hektarea zituen bere menpe eta 1992. urte bukaeran 427 hektarea. Nizako unibertsitateko Itsas Laborategiko adituek diotenez, urteroko progresio-faktorea 6 ingurukoa da.

Alga hau lehen aldiz 1984.ean detektatu zen Monako parean, baina orain Toulon, Ekialdeko Pirinioak, Baleareak eta Italia aldean ere ageri da. Batez ere itsasuntzien aingurei esker hedatu da, portu batetik bestera eramaten dutelako.

Horrez gain, itsasoko 50 metro inguruko sakoneran ere zona askotan ikusi da Caulerpa delakoa, eta itsaso tropikaletan sakonera horietan alga hau ez da inoiz ikusi. Beraz, ikusteko dago landare honek Mediterranioko ekosistemetan epe luzera izango duen eragina, eta horixe da, hain zuzen, azken hiru urteotan zientzilariak kezkatzen dituena.

Monakoko Ozeanografi Museoan lanean ari den taldearentzat Caulerpa garatzea Mediterranioa tropikalizatzearen ondorio logikoa (beraz, onuragarria) da. Meinesz irakaslearen taldearentzat berriz, alga honen hedapenak kostaldeko ekosistemen iraupenari mehatxu egiten dio.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila