Hondakindegiko gasa balorizatzeko zentrala

Hondakinen errekuntzan sortutako gasen metano-edukia oso handia da eta, horregatik, elektrizitatea edo beroa lortzeko erabil daiteke. Ondoren, lortutako elektrizitate edo bero hori hondakindegiko instalazioan bertan edo beste erabilera batzuetan erabil daiteke.

620 litro biogasetik 1 kWh inguru energia elektriko ekoitz daiteke. Horretarako, hondakinak metatu eta erreakzio anaerobioa gertatzen uzten da. Hondakindegia material iragazgaitz batez estaltzen da, goitik eta azpitik, hartzidura anaerobioa gertarazi eta eratutako gasen ihesa eragozteko. Gasa biltzeko, 30 m inguruko sakoneraraino sartzen diren hodiak erabiltzen dira. Biltzen den gasa beroa da eta urez asea dago. Hodietan zehar ibilaraztean, gasa hoztu eta ura kondentsatu egiten da. Ura eta gasa bereizteko, tarteka hustubideak jartzen dira. Azkenik, bildutako gasa neurketa-estaziora bideratzen da eta bertan konposizioa, tenperatura, presioa eta emaria neurtzen dira.

Neurtzen diren balioak, oro har, metano-edukia (% 50 baino apur bat handiagoa izan ohi da) eta konposatu organiko lurrunkorren, azido sulfurikoaren eta ur-lurrunaren kontzentrazioak dira. Azkeneko hirurak oso korrosiboak dira eta kalteak eragin ditzakete motorretan. Amoniakoaren kontzentrazioa ere neurtzen da, baina normalean txikia izaten da eta ez du arazorik sortzen motorretan. Azkenik, oxigenoaren kontzentrazioa txikia dela ere bermatu behar da, segurtasun-baldintzak betetzeko. Konposizioa onargarria baina hezetasuna gehiegizkoa bada, biogasa hezetasun-kengailura bideratzen da, bestela kondentsazio-arazoak sortuko liratekeelako.

Normalean, produzitutako energia elektrikoaren zati bat hondakindegian bertan erabili eta gainerakoa sare elektrikora bideratzen da. Biogas gehiegi biltzen denan, soberakina zuzenean hezetasun-kengailutik zuzirira igarotzen da eta han erre egiten da. Bestela, biogasa zuzenean aireratuz gero, metano-emisioek berotegi-efektua areagotuko lukete. Hala ere, metanoa erretzean karbono dioxidoa eta beste poluitzaile batzuk aireratzen dira. Baina, nolanahi ere, horien kontzentrazioak zentral termiko konbentzionaletan aireratzen direnak baino txikiagoak dira.

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.