Homo sapiensaren arbasoak uste baino lehenago iritsi ziren Britainia Handira

Homo sapiensaren arbasoak uste baino lehenago iritsi ziren Britainia Handira
2010/10/01 | Elhuyar
Aztarnategian topatutako harrizko tresna eta fosil batzuk: pinaburu bat (i) eta mamut-hagin bat (j). Arg.: Simon A. Parffit & al./Nature.

Britainia Handiko aztarnategi batean, gaur egungo gizakiaren arbasoak hara uste baino lehenago iritsi zirela frogatzen duten aztarnak aurkitu dituzte. Aztarnategia Ipar Itsasoaren kostan dago, Happisburgh-en, eta Britainia Handiaren aintzinako kolonizazioa aztertzen duen nazioarteko taldeak ikertu du (AHOB, Ancient Human Occupation of Britain).

Besteak beste, silexean landutako 78 tresna aurkitu dituzte. Arkeologoen esanean, haragia eta zura mozteko erabiltzen zituzten. Aipagarriena ez da, ordea, nolakoak diren aztarnak, noizkoak baizik. Izan ere, azterketa paleomagnetikoetan eta inguruko landare- eta animalia-fosiletan oinarrituta (pinaburuak, mamut-haginak...), aztarnak duela 780.000 urtekoak edo lehenagokoak dira.

Orain arteko aztarnen arabera, zientzialariek uste zuten Homo sapiensaren arbasoak ez zirela iritsi Britainia Handira duela 700.000 urtera arte. Orain, ordea, frogatu dute hori baino lehenago kolonizatu zutela lurralde hura gizaki haiek.

Garai haietan, Europan zegoen giza espezie bakarra Homo antecessor zen, eta, beraz, tresna haien egileak ere espezie horretakoak zirela ondorioztatu dute ikertzaileek. Gainera, beste uste oker bat ere ezeztatu dute: askok uste zuten garai haietan iparraldeko lurralde haietan hotz handia egiten zuela, baina, landaretzari eta animalia-espezieei erreparatuta, klima epela zela ikusi dute; aproposa, hortaz, gizaki haientzat.

Ikertzaileek lanean jarraitzen dute, giza fosilen bat aurkitzeko itxaropenarekin. Nature aldizkarian argitaratu dituzte orain arteko emaitzak.

1
268
2010
10
014
Eboluzioa
Albisteak
15
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila