Hizketaren analisia, alzheimerra goiz detektatzeko

hizketaren-analisia-alzheimerra-goiz-detektatzeko
ELEKIN ikerketa-taldeko partaideak. Lehen lerroan, erdian, Karmele Lopez de Ipiña, taldearen koordinatzailea. Arg. UPV/EHU

Alzheimerraren detekzio goiztiarrerako zenbait metodologia ez-inbaditzaile garatzen ari da EHUko ELEKIN ikerketa-taldea. Ingeniaritza biomedikoa da taldearen ikerketa-ildoetako bat. Zehazki, bioseinaleak aztertzeko sistemak ari dira garatzen, diagnostiko medikoetan laguntzeko.

Beste proiektu batzuen artean, aipatzekoa da hizketa espontaneoaren analisi automatikoa (Automatic Spontaneous Speech Analysis, ASSA).  Horretan oinarrituta, diagnostiko adimenduneko teknika ez-inbaditzaile bat garatu nahi dute, alzheimerra goiz detektatzeko.

Metodologia honetan, pazienteak grabatu egiten dira giro erlaxatu eta atsegin batean beren bizitzako esperientziaren bat kontatzen ari diren bitartean, eta, hala, zenbait parametro neurtzen zaizkie. Adibidez, pazienteak esan nahi duen hitza gogoratu nahian hizketan egiten dituen etenaldiak neurtzen dira. Beraz, pazientearen gaitasunak aztoratu edo blokeatu gabe gauzatzen da teknika, proba honek ez baitio estresik eragiten pazienteari.

Teknika bera garatu eta haren baliagarritasuna neurtzeko eta optimizatzeko hainbat saio-pilotu egiten dituzte ELEKIN taldeko ikertzaileek, proiektuaren partaide diren beste zenbait erakunderekin elkarlanean. Probak gaixotasuna garatu ez duten pertsonei, familia-aurrekariak dituzten pertsonei eta gaixoei egiten zaizkie. Lankidetza horri esker, "gaitzaren fase preklinikoan dauden edota oraindik gaitza garatu ez duten lagunak azter daitezke", adierazi du ikerketaren buru Karmele Lopez de Ipiñak.  

ASSA sistema oraindik ez dago erabilgarri, teknika garatzen eta ikertzen ari bitira oraindik. "Pazienteak ebaluatzeko sistema normaltasunez erabiltzeko moduan izatera iritsiko gara —esan du Ipiñak—. Begi hutsez ikusten ez diren elementuak hautemateko tresnak eman nahi dizkiegu medikuei. Izan ere, lagungarri izango zaie seinale horien azterketa automatikoa".

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.