Habitagarriak izan daitezkeen hiru planeta aurkitu dituzte Eguzkitik gertu

Lurretik 40 argi-urtera, eta izar nano eta ultrahotz baten inguruan, hiru exoplaneta berri aurkitu dituzte. Tamainan eta tenperaturan, gure planetaren antzekoak. Lurretik kanpo bizia bilatzen dutenentzat, Eguzki Sistematik kanpo inoiz aurkitu diren planetarik interesgarrienak lirateke.

hiru-planeta-bizigarri-aurkitu-dituzte-gugandik-ge
TRAPPIST-1 izar nano ultrahotzaren ilustrazioa, haren planeta batetako azaletik ikusia. Beste bi planetak urrutian ikusten dira. Arg. ESO/M. Kornmesser

Izar ultrahotzak, alegia 2700 kelvin baino tenperatura efektibo baxuagoa dutenak, oso ohikoak dira Esne Bidean. Eguzkitik gertuko objektu astronomikoen populazioaren % 15 osatzen dute. Baina, oraindaino, ez zen inoiz planetarik ikusi haien inguruan. Oraingoan, ordea, tenperaturan zein tamainan Lurraren antza duten hiru planeta aurkitu dituzte.

Chilen kokatuta dagoen TRAPPIST teleskopioaz ikusi dituzte planetok. Izar ahul eta gorri baten arrastoa jarraitzen ari zirela, tarteka, eta modu erregular batean, izarraren seinaleak behera egiten zuela ikusi zuten. Izarraren eta Lurraren artean hainbat objektu pasatzen zirela erakusten zuen horrek, eta hiru planeten eklipseak zirela frogatu zuten.

Izar nano eta ultrahotzaren inguruan orbitatzen duten planetek Lurraren antzeko tamaina dute. Haietatik bik 1,5 eta 2,4 egunez behin ematen dute buelta izarraren inguruan, eta hirugarrenak 4,5-73 egun bitartean. “Halako periodo orbital txikia izanik, Lurra Eguzkitik baino 20-100 aldiz gertuago daude planetak” –adierazi du Liejako Unibertsitateko Astrofisika eta Geofisikako Institutuko ikertzaile eta lanaren egile den Michaël Gillon-ek–.

Izarrarengandik oso gertu dauden arren, bakarrik Lurrak baino 2 eta 4 aldiz erradiazio gehiago jasotzen dute lehenengo bi planetek, haien izarra oso ahula eta hotza baita. Lurrean baino dezente bero handiagoa egiten du, hortaz, baina baliteke haien azalean bizitzeko moduko tenperatura-guneak ere izatea. Hain periodo orbital txikia izanik, baliteke sinkronizatuta egotea, Ilargia Lurrarekin dagoen bezala. Horrek esan nahiko luke planetek beti aurpegi bera erakutsiko lioketela haien izarrari, eta aurpegi hotzago bat izango luketela ezkutuan.

“Unibertsoan bizitza bilatzeko bidean paradigma-aldaketa bat ekar dezake honek” –adierazi dute ikertzaileek– “Unibertsoko beste tokietan bizitza aurkitu nahi badugu, izar nano ultrahotzen inguruko planetetan hasi behar dugu bilatzen”.

Era guztietara, oraindik exoplaneta berrien atmosferaren konposizio kimikoari buruzko datuak lortu beharko dituzte, ura eta aktibitate biologikoaren zantzurik ba ote dagoen ikusteko. Horretan asko lagunduko du izar nanoa izatea, gurea bezalako izar handia eta indartsua izango balitz ez bailitzateke erraza izango planeta horien atmosferek izarrak igorritako argian sortzen duten aldaketa txikia nabarmentzea.

Badirudi TRAPPIST-1 izar nanoak infragorrian igortzen duela argi gehien, baina, ikertzaileen arabera, hori ez litzateke arazo handia izango bizia sortzeko, bakterio batzuek fotosintesia infragorrian sentiberak diren pigmentuez egiten baitute. 

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group