Hiru bilioi tona izotz urtu dira Antartikan 25 urtetan

Azken bost urteetan hirukoiztu egin da urtze-tasa

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

hiru-mila-milioi-tona-izotz-urtu-dira-antartikan-2
Arg. Mariamichelle

Antartikako izotz-geruzak hiru bilioi tona izotz galdu ditu hogeita bost urtetan, eta horrek itsas maila ia zortzi milimetro igotzea eragin du. Eta zortzi milimetro horietatik hiru azken bost urteetan igo dira. Horixe dio izotz-geruzaren gorabeherak ikertzen dituen nazioarteko ikerketa-talde handi batek, IMBIEk, Nature aldizkarian argitaratu duen azterketak.

Satelite-bidezko behaketetan oinarrituta 1992tik 2017ra Antartikako izotz-geruzak izan duen eboluzioa aztertu dute xehetasun handiz. Ikusi dute 2012ra arte 76 mila milioi tona izotz urtzen zirela urtean, eta horrek urteko 0,2 mm-ko igoera eragin zuela itsas mailan. Ordutik aurrera, ordea, ia hirukoiztu egin da tasa hori: 2012 eta 2017 artean urteko 219 mila milioi tona urtu dira, eta urteko 0,6 mm igo da itsas maila.

Antartikako izotzak itsas mailari egin dion ekarpena 1992 eta 2017 artean. Arg. imbie/Planetary Visions

Ikertzaileek azpimarratu dute itsas maila 58 metro igotzeko adina izotz dagoela Antartikan, eta, beraz, oso garrantzitsua dela izotz-geruza horren gorabeherak ongi neurtzea klima-aldaketak duen eta izan dezakeen inpaktua ulertzeko.

Azterketa honekin batera, Antartikaren eboluzioari eta etorkizunari buruzko beste lau lan ere argitaratu dituzte Naturen. Esaterako, haietako batean, beste nazioarteko ikertzaile-talde batek 2070erako proiekzioa egin du. Ohartarazi dute denbora agortzen ari dela Antartika salbatzeko, eta hurrengo hamar urteetan erabaki egokiak hartu ezean, ondorioek mundu osoari eragingo diotela.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group