Higiene eza MIR-en


Errusiako zientzialariekin lanean aritu den Mario Pitzurra mikrobiologo italiarrak adierazi duenez, Mir espazio-estazioko garbitasunik ezak ondorio larriak eragin diezaiekete bertan diren kosmonautei. Estazioko oinarrizko higienea oso eskasa da eta arazo handiak izaten dira garbitasunean, Pitzurraren esanetan.

Azaleko gaixotasunak eta arnas-sistemako infekzioak azaldu dira jadanik astronauten artean. Gaitz hauetako asko baldintza egokietan ez zeuden jakietatik etorri bide dira.

Pitzurrak Mir-eko astronauten laginak aztertu ditu eta bertan zenbat mikroorganismo galtzen den aztertu. Bere ikerketaren emaitzek diotenez, baldintza horietan —zikinduta, izerdituta eta konfinatuta— eguneko 50.000 mikroorganismo gal daitezke, egoera normalean 3.000 galtzen diren bitartean.

Errusiako Espazio Agentziako arduradunek diotenez, ordea, ez dago kezkatzeko arrazoirik, astronautei eginiko osasun-azterketek oso emaitza onak eskaini baitituzte.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila