Hiesaren aurkako txertoa, hurbilago

Afrikan zabalduen dagoen hiesaren birus-motaren aurkako txertoa lortu nahian dabiltza mundu osoko hainbat laborategi. Horien artean, aurreratuena Hiesaren aurkako txertoaren nazioarteko ekimenaren txertoa da, eta proba klinikoen bigarren fasea hasi berri du Londresen eta Oxforden.

Probatzen ari diren txertoak bi zati ditu: lehenengoak birusari buruzko informazio genetikoa darama eta sistema immunea prestatzen du; bigarrenak erantzun immunea areagotzen du. Bestalde, hiesa sortzen duen birus bizirik ez daramanez, proban parte hartzen dutenak ez dira arriskuan jartzen.

Bigarren fase horretan, segurtasunaren inguruko azterketak egiten dira, eta dosia, ziztaden kopurua eta ordutegi egokiak zein diren erabakitzen da. Izan ere, baliabide eskasak dituzten tokietan banatzeko aproposa den ala ez jakiteko, erabakigarriak dira dosifikazioa eta txertatzeko eredua.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila